Udalak sostengua eman die Covid-19aren aurka ari direnen aldeko hainbat ekimeni, eta elkartasun kate horien bidez sortutako babes-materialak ere jaso dituela azaldu du. Sei ekimenen garrantzia azpimarratu ditu Gasteizko Udalak:
Eutsi Goiari plataforma osasunaren alorreko profesionalen talde batek sustatu du, eta enkante solidario baten bidez 178.000 euro bildu dituzte. Diru horrekin erositako babes-materialetako batzuk San Prudentzio zentro integralari eman dizkiote, adinekoei laguntzeko, baita udalaren etxebizitza komunitarioei ere.
Orobat, ehundik gora babes-mantal egin dituzte ehun iragazgaitz eta garbigarria baliatuz; eta Udalari eman dizkiote. Gasteizko 60 jostunek baino gehiagok lagundu diote ekimenari, eta gutxienez mila mantal egiteko asmoa dute, osasun zentro, egoitza eta beste baliabide batzuetarako; garraiorako boluntarioek ere hartzen dute parte. Udalak lehengaietako batzuk erosi ditu, eta materialen garraioa erraztu du.
Ekimen horretan 40 pertsonak baino gehiagok hartzen dute parte; babes-materialak ekoizteko laguntza eta lehengaien dohaintzak baino ez dituzte onartzen.
Aurreko mantal solidarioak ekimenak 500 mantal iragazgaitzetik gora eta plastikozko 14.000 aurreko mantaletik gora eman dizkie udal zerbitzuei. Udalak, berriz, laguntza eskaini die sortzen ari diren material guztia banatzeko.
Covid-19aren kontrako EAEko maker komunitatearekin ere elkarlanean ari da Gasteizko Udala. Arabako 78 maker parte hartzen ari dira elkartasun komunitate horretan -91 inprimagailurekin-, eta Udalak martxoaren bukaeran areto bat utzi zien Simon Bolibar plazan, 3D baliatuz material sanitarioa ekoizteko.
Aretoa uzteaz gain, ia 7.000 PVC lamina garden eman zizkien Udalak, material hori baliagarria baita zipriztinen aurkako biserak fabrikatzeko.
Horren truke, komunitateak egindako 150 babes-pantailatik gora jaso ditu Udalak; guztira, 8.277 babes-pantaila banatu dituzte Araban. Egibiden ere hasi dira babes-pantailak egiten, eta dagoeneko harremanetan daude Udalarekin.
Guztion Artean elkartasun sare antolatua egiten ari den lana gogoratu nahi izan du Udalak. Sarea herritarren erantzun solidarioa bideratzeko tresna da, eta, modu boluntarioan, etxetik atera ezin diren pertsonei lagundu nahi die haien babesa bermatzeko.
Erakunde publikoek sortutako sareak Gurutze Gorriaren eta Caritasen laguntza du, eta 70 urtetik gorako pertsonei eta beste pertsona ahul batzuei ematen die sostengu.
Gel hidroalkoholikoa
Gel hidroalkoholikoa egiteko elkarlana ere abian da. Udal laborategiak badu ahalmenik soluzio hidroalkoholikoa egiteko, eta Osakidetzak lehengaiz hornitu du produktu hori ekoitz dezan.
Udal Administrazioaren Sailak dagoeneko 65 litro gel jaso ditu, udal langileen artean banatzeko. Lehen esperientzia horren emaitzaren arabera erabakiko dute ekoizpena handitzea ala ez.
Udaltzaingoa
Aipamen berezia eskaini dio Gasteizko Udalak Udaltzaingoa betetzen ari den lanari; izan ere, Udalak azaldu duenez, enpresa, entitate eta partikularren elkartasuna bideratzeko garaian, haiek zuzenean jo dute Agirrelandara, osasun eta larrialdietarako langileei laguntzeko asmoz.
Horri esker, Udaltzaingoak maskara, eskularru eta mantal ugari eman ahal izan dizkie osasunaren arloko agintariei, baita babesteko beste baliabide batzuk ere. Ia berrogeita hamar denda, entitate, elkarte eta enpresak jo dute Udaltzaingora ekarpenak egitera.