Arabako Foru Aldundiak, Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Batasunak (UAGA) eta Euskal Enplegu Zerbitzuak (Lanbide) bat egin dute sasoikako langileen premia larriari erantzuteko, Arabako nekazaritza-sektorean zenbait kanpainari ekiteko.
Ezohiko egoeraren ondorioz, Arabako nekazariek ezin izango dute ohiko eskulanarekin kontatu; adibidez, Arabako Errioxara iristen diren langile asko jatorrian kontratatzen dituzte, batez ere Marokon.
Hortaz, elkarlanean ari dira Aldundia, UAGA eta Lanbide, ingurune hurbileko pertsonen artean hautaketa-prozesu bat abiatzeko. Izan ere, sasoikako langileen "joan-etorri handiak" saihestu nahi dituzte.
Orain arte, UAGA sasoikako langileen hornitzaile nagusia zen, eta urtean 300 pertsona kontratatzen zituen, batez beste; gainerako kontratazioak modu pribatuan egiten ziren. Lehenengo kalkuluen arabera, 500 pertsona baino gehiago beharko dira aurtengo denboraldian.
Formakuntza
Hautaketa prozesuaren xehetasunak amaitu bitartean, prestakuntza azkarra diseinatzen ari dira HAZIrekin batera, bideo laburren bitartez; aurrez aurreko edozein hezkuntza jarduera etenda baitago. Era berean, landa-eremuko langile horien segurtasuna bermatzeko NBEak prestatzen ari dira.
Inausketa berdea
Arabako Errioxak eta Aiaraldeak inausketa berdeko lanei ekingo diete datozen asteetan; ekainaren amaierara arte iraungo dute, gutxi gorabehera.
Mahatsondoaren prozesuko funtsezko fasea da, lehen inausketa batekin. Kimu ez-emankorrak ezabatu ohi dira, landarearen indarra murriztuz, loratzeko kimu egokienak indartzeko.
Gainera, inausketa berdeak landareetatik landaredia kentzea dakarrenez, osasuna, aireztapena eta intsolazioa errazten ditu; ondorioz, mahats-mordoen heltze optimoa eta, beraz, kalitatea hobetzen ditu.