Dagoeneko 318 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; hiru pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Une honetan 162 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan. Arabako Unibertsitate Ospitalean 130ra jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 104 daude solairuetan eta 26 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 32 lagun artatzen ari dira.
Bitartean, sei alta gehiago egon dira azken orduetan -horietako bat Lezako ospitalean-, eta beste pertsona bat atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
Guztira, 467 test egin dira igandean Araban: horietako 459 negatiboak izan dira; hau da, egindako test guztien %98 baino gehiago. Hau da, gero eta test gehiago egiten ari dira, eta, aldi berean, gero eta emaitza negatibo gehiago ematen ari dira.
Halere, pandemiari aurre egiteko urrats erabakigarria eman gabe dago oraindik: testak gizarte osora hedatzea.
[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
133 hildako adinekoen egoitzetan
Foru Aldundiak igandean eskainitako azken datuen arabera, azken orduetan sei lagun gehiagok gainditu dute Covid-19a, eta 66 dira jada sendatutakoak.
Bitartean, Arabako adinekoen egoitzetako 133 egoiliar hil dira dagoeneko: 73 zentro pribatuetan, 58 foru egoitzetan, eta beste bi lurraldeko udal zentroetan.
Bestalde, gaixotutako egoiliarren kopurua berriro handitu da, eta, une honetan, 356 kasu positibo daude Arabako egoitzetan: 209 zentro pribatuetan, 140 foru egoitzetan, eta beste 9 lurraldeko udal zentroetan.
Dirulaguntzen bilatzailea
Covid-19ren aurrean Gizarte Zerbitzuetako laguntza eta prestazioen bilatzailea martxan jarri du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak: #Covid19Laguntzak. Bertan bildu dituzte erakundeek abiatutako dirulaguntza eta prestazio guztiak, modu antolatu batean: esparruaren, neurri motaren eta lurraldearen arabera.
Bi atxilotu udaltzainei eraso egiteagatik
Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi du asteburuan bi gizonezko atxilotu dituela agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia eta erresistentzia larriagatik.
Lehenengo kasua larunbateko 14:00etan gertatu zen: 19 urteko gazte batek leihotik arraultzak jaurti zizkien Erraimun Olabide kalean zeuden patruila-ibilgailu batzuei. Identifikatzeko asmoz poliziak bertara joan zirenean, behin eta berriro uko egin zion eta horregatik atxilotu egin zuten. Udaltzaingoaren bulegoetara eraman ondoren, aske utzi zuten agintari judizialen aurrera joateko hitzorduaren zain.
Bigarren atxilotua 33 urteko gizonezkoa izan da. Larunbateko 22:00etan taxi-gidari batek patruila baten laguntza eskatu zuen zerbitzua ordaintzeari uko egin zion bezero batekin eztabaida handia izan zuelako. Udaltzainek inguruan aurkitu zuten gizonezkoa, eta identifikatzeko eskatu ziotenean haien aurka oldartu zen. Ondorioz, atxilotu egin zuten, eta aske utzi zuten Guardiako Epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren.