Pentsionistak Arabak ohar bidez bere haserrea adierazi du koronabirusaren pandemiak adinekoen egoitzetan eta mendekotasuna artatzeko zerbitzuetan izandako ondorioengatik; etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere egoera bera ematen dela ohartarazi dute.
Testak profesional zein egoiliar guztiei hedatzea eta egoitzetako langileei zein etxez etxeko laguntzari beharrezko prebentzio baliabideak ematea eskatu dute, kutsatzeak saihesteko; horrez gain, zentroetako osasun-zerbitzuak areagotzea ere eskatu dute, kutsatutako pertsonak sendatzeko.
Halaber, etxez etxeko laguntza zerbitzuen arreta orduak areagotzea aldarrikatu dute, eta, horrekin batera, azpimarratu dute inor ez dela hil behar dauden prebentzio eta sendatze neurriak garaiz iristen ez direlako.
Larrialdi egoera
"Mendekotasuna duten adinekoen egoera gizarte larrialdikoa da, eta salbuespenezko neurriak behar dituzte", adierazi dute Arabako pentsiodunek, eta nabarmendu dute zerbitzua emateko erantzukizuna "betebehar publikoa" dela.
Hortaz, Gobernuak eta erakundeek egoitza publiko eta pribatu guztiak "premiaz ikuskatu eta esku hartu" behar dutela deritzote, "arreta hobea izateko".
Gainera, Foru Aldundiak eskaintzen duen informazioa "osatugabea" dela salatu dute, eta "egungo zerbitzu soziosanitarioen ereduaren gabezien arazo larria konpontzeko diagnostiko argi eta osoa izatea funtsezkoa" dela ziurtatu dute.
Hori dela eta, egoera gaindituz gero, gertatutakoaren "informazio zehatza" eskatuko dutela iragarri dute, baita bilera bat aldundietako eta Osasun eta Gizarte Politiketako sailburuekin, egoitzetan gertatzen ari dena "berriro gerta ez dadin".