Ezohiko neurriak zabaltzeko Diputatuen Kongresuaren babesa eskatuko duela iragarri du Pedro Sanchezek. Asteazkenean, apirilaren 22an eramango du proposamena Kongresura; baina lehenago autonomia erkidegoekin -igandean-, udalerriekin eta alderdi politikoekin hitz egingo du.
Apirilaren 27tik aurrera, konfinamendua aurrekoetan baino malguagoa izango da, eta gurasoek adingabeekin kalera irten ahal izango dute. Datozen egunetan zehaztuko da haurrak zein baldintzatan eta zein babes neurrirekin atera ahal izango diren kalera.
Espainiako Presidenteak aurreratu duenez, deseskalatze fasea maiatzaren 10ean hasiko da, "zuhurtziaz eta pixkanaka"; prozesua "asimetrikoa" izango da, eta lurraldeka jarriko da martxan, tokian tokiko egoeraren arabera.
Murrizketak altxatzen hasteko Espainian oraindik ematen ez diren baldintza batzuk zehazten ditu Munduko Osasun Erakundeak (OME); besteak beste, kutsatze guztiak eta kontaktuak kontrolatzeko gaitasuna izatea.