Koronabirusa

Babes eskean heldutako konfinamendua

Jon Rejado 2020ko api. 19a, 08:00

Oñatiko Larraña Etxea, errefuxiatuentzako harrera zentroa./ Irekia.

Zailtasun gehigarriak eragin dizkie alarma egoerak errefuxiatuei: behin-behineko egoitzetara egokitu behar, administrazio tramiteen atzerapena… Elkarteek arreta jarri dute bidean dauden errefuxiatuetan.

Nazioarteko babesa eskatu duten ehunka errefuxiatu konfinamendua betetzen ari dira, gainontzeko herritarrak bezala. Ordea, bizi duten egoeragatik zailtasun gehigarriei egin behar diete aurre. Hala azaldu du Patricia Barcenak, CEAR Euskadiko zuzendariak. Ehunka pertsona eta familia ari dira itxialdia bizitzen behin-behineko egoitzetan: harrera zentroak; partekatutako harrera etxeak… Horrez gain, tramite administratibo guztiak eten dira, eta, horrekin, babes eskaera egiteko aukera.

Egoeraren larritasunaren barruan, Patricia Barcenak alde biko balorazioa egin du. Batetik, nabarmendu du nazioarteko babes sisteman lan egiten duten eragileek "oso azkar" egin zutela lan, alarma egoeraren atarian, "inor kalean gera ez zedin". CEAR Euskadi mila pertsona ingururekin ari da lanean, eta ezarritako neurriak "zintzo" betetzen ari direla azaldu du. "Hasieran beti sortzen da kezka, nola eragingo duten neurriek ehun pertsona dituen egoitza batean, baina oso jarrera positiboa dago, eta horrek pozten gaitu". 

Bestetik, hainbat egoerekin kezkatuta daudela azaldu du Barcenak. Nazioarteko babesa eskatzeko tramiteak gelditu izana da horietako bat. CEAR Euskadiko zuzendariak argitu du garrantzi handikoa dela nazioarteko babesa eskatzeko agiria. Eskaera hori tramitatzean martxan jartzen dira babes sistemaren hainbat epe: eskaera egin eta sei hilabetera lan egiteko aukera ematen die eskatzaileei, besteak beste.

Egoeraren ondorioz asilo eskaerek behera egin dute. Aurtengo daturik ez dago, baina azken bi urteetan gorako joera antzeman zen. 2018an, Araban 385 asilo eskaera jaso ziren, eta 2019ko lehen sei hilabeteetan kopuru horretara heldu zen. Horren ondorioz iazko abuztuan Langraizen 80 lagunentzako egoitza bat egokitu zuten. Bertan hainbat familia daude konfinatuta.

Tramiteak, pilatuta

Eskaera betetzea ez da egun batetik bestera egiten. Hitzordua behar da, eta, kasu batzuetan, hiru hilabetetik gorako itxarote-zerrendak zeuden alarma egoeraren aurretik. Bada, atzerapen hori are gehiago handituko dela iragarri du Patricia Barcenak, asteotan administrazioa ez baita ezer tramitatzen ari. "Egoera honek are gehiago mantsotuko du dena, eta helduko diren pertsonei hilabetetako atzerapenak eragingo dizkie".

CEAR Euskadiko zuzendariak gaineratu du, behin eskaera eginda, sei hilabetero berritu behar dela, behin betiko ebatzi arte. Polizia etxeetan egin behar da hori. Une honetan ezin da halakorik egin, baina. Horren aurrean, Espainiako Gobernuak araudi bat atera du, eskaera txosten guztiak de facto berritzeko. "Horrek ahalbidetuko du norbait lanean ez badago enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente baten ondorioz izatea, ez baimena luzatu ez diotelako".

Ehunka familia ari dira itxialdia bizitzen behin-behineko egoitzetan 

Atzerapen horri alde ona ere bila dakiokeela gaineratu du Barcenak. Hori azaltzeko datu bat jarri du mahaian: Hegoamerikatik heldutako asilo eskaerak alde batera utzita, Espainiako Gobernuak ukatzen ditu asilo eskaeren %95a. Horrek esan nahi du, agian, norbaiti asilo eskaera ukatu diotela, baina, egoeragatik, ezin izan diotela jakinarazi. "Kasu horietan denbora gehiago dugu haiekin lan egiteko: hizkuntza ikas dezaten, sustraitzeko prozesua sakondu dezaten, lanean badaude hala jarrai dezaten…".

Bigarren irakurketa on bat jakinarazi du CEAR Euskadiko zuzendariak. Espainiako Gobernuak osasun profesionalak behar ditu. Hori dela-eta, jatorrizko herrialdeetan osasun titulazioa duten migratzaile atzerritarrei titulu horiek baliozkotzeko bide azkarragoa eskaini die, laguntza eman dezaten. "Gobernuak interesagatik egin du hori, profesionalak behar dituztelako, baina titulazio hori dutenentzat ere aukera ona da, nahi badute, tituluak baliozkotzeko eta guztiok zaintzen gaituen osasun sisteman sartzeko", azaldu du Barcenak.

Gogorarazi du berak hitz egiten duela CEAR Euskadirekin harremanetan dauden familiei buruz, baina askoz kasu gehiago daudela gaineratu du. "Egoera zaurgarrian dauden askoz migratzaile gehiago daude itxialdia betetzen". Are gehiago, Euskal Herriko hiri eta herrietatik urrun jarri du arreta. Izan ere, administrazio tramiteak etetearekin batera, mugak ere itxi dituzte estatu askok.

Kanpalekuen egoera

Malen Garmendia, Zaporeak proiektuko Lesboseko (Grezia) koordinatzailea, bertako Moriako kanpalekuaren egoeraz mintzatu da. Oraingoz ez da koronabirus kasurik antzeman bertan. Dena den, "urduritasuna" dagoela azaldu du. Kanpalekuak 96.000 metro koadro ditu, eta 23.000 pertsona daude 3.000 pertsonentzat behar zuen lekuan. Egoera horretan gobernuek eskatutako neurriak betetzea ezinezkoa dela gaineratu du. "Ez dute espazio pertsonalik, ezta segurtasun espazioa betetzeko aukerarik ere. Lo egiteko leku batetik ondokora ez da metro eta erdiko distantzia betetzen. Ez dute paretarik isolatzeko".

Greziako gobernuari dagokio kanpalekuari buruzko erabakiak hartzea, eta militarrek ezartzen dituzte, Garmendiak azaldu duenaren arabera. Bada, Morian hartutako lehen neurria izan da kanpalekuko errepidea ixtea. "Barruan daudenek ez dute baimenik herrira jaisteko; ezin dira mugitu". Egoera hori bereziki larria da Zaporeak programak artatzen dituen pertsonentzat: gaixotasun kronikoak dituztenak, bestelako gaitzak dituzten emakume haurdunak... "Koronabirusa kanpalekura helduz gero haiek biziko dute egoera larriena; errepidea moztuta dago eta ezin dira ospitalera joan".

Moria kanpalekuan 23.000 pertsona daude 3.000 lagun behar zuten lekuan. / Zaporeak

Beste neurri bat koronabirusaren probak egiteko etxela bat eramatea izan da. "Aurpegia garbitzeko" neurria dela hausnartu du Malen Garmendiak. "Europaren aurrean erakutsi nahi dute zerbait egiten ari direla, baina beste alde batera ari dira begira". Zaporeak programako Lesboseko koordinatzaileak gogorarazi du bertan dauden pertsonek bidai bat hasi zutela, jatorrizko herrialdeetan ez zegoelako bermatuta biziko zirenik. "Pentsatzen zuten haien segurtasuna bermatuko zela, eta orain bizi diren lekuan ez da hori gertatzen, kontrakoa baizik".

CEAR Euskadiko Patricia Barcenak egoera "dramatikoa" bihur daitekeela ohartarazi du. "Infekzio fokurik agertuz gero ez da hori kontrolatzerik egongo".  Malen Garmendiak egoera salatzeko eskatu die herritarrei. Presio soziala funtsezkoa dela gaineratu du, bestela gobernuek ez dute "benetako" neurririk hartuko. "Europak, Espainiak, Frantziak, Greziak… nahi dutena egingo dute guk 'nahikoa da' esaten ez badiegu; gure izenean egiten ari dira hori guztia, eta gure erantzukizuna da horri erantzun bat ematea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago