Erriberagoitin, Apinaizen eta Albaitan "pilocho"; Narbaxan, Agurainen eta Mendiolan "gambocho"; Kintanan "txirikila"; Ganboan, Apodakan eta Amezagan "calderon"; Guardian "filocho"; eta Aramaion "txikola". Ia desagertua dagoen jokoa da makila-jaurtiketa eta soilik antzinako jokoen erakustaldietan ikus daiteke gaur; halere, pasa den mendeko lehenengo erdialdera arte Euskal Herriko hiriko eta herrietako erregea zen.
Alta, leku zabala behar da arriskurik gabe praktikatzeko, eta egungo hiriek eta herriek sufritu dituzten aldaketek oztopatu dute jokoaren iraupena. Izan ere, umeek gero eta espazio txikiagoa dute beraien jolasetarako eta honek hainbat jolas desagertzea ekarri du, tartean makila-jaurtiketarena.
Gehienetan mutilen artean, baina hainbat lekutan neskek ere egiten zuten eta beste batzuetan nahastuta. Arabako hainbat tokitan ohitura zen, garizuman, emakumezkoek ganbotxora edo pilotxora jokatzea. Nafarroako hainbat herritan ere garizumako jokoa zen.
Berezitasunak
Ez du misterio handirik jokoak, finean makil luze batekin lurrean finkatuta dagoen beste txikiago bat (pilotxo, txirikila, ganbotxo) kolpatu behar da, eta gorantz bultzatu; behin airean, berriz kolpatu behar da, ahalik eta urrutien eror dadin.
Halere, tokian toki berezitasunak eta bertsio desberdinak jokatzen dituzte. Durruman, adibidez, bi talde osatzen dira, eta zotz egiten dute nor hasi erabakitzeko. Makil handi batekin emaniko bi kolperen laguntzaz, makila txiki bat (ganbotxo) jaurti behar da joko honetan; lehen kolpea altxatzeko, eta bigarrena ahalik eta urrunen jaurtitzeko. Kontrako taldeak, gona, amantala edo beste edozein jantzirekin, hartu eta aldi berean bota egin behar du. Distantzia neurtzean kantatzen hasten dira:
Bat, bi, batentzat
Bat, bi, birentzat,
Bat, hiru, hirurentzat...
Urrutien jaurtitzen duena edo makila airean harrapatzen duena jokotik ateratzen da, eta jokoan den azken kide bat duen taldeak galtzen du jokaldia.
Trebiñuko Konderrian, berriz, Albaita herriko Granadoko Ama Birjina elkarteari esker jaso dute pilotxoaren berri. Izan ere, ahozko memoria berreskuratzeko proiektua egin zuen 2018an elkarteak herriko pertsona zaharrenekin. Urte eta erdiz jaso zituzten haien testigantzak eta liburua argitaratu zuten gero. Aurrerapen gisa, pilotxoaren jokoaren erakustaldia egin zuten.
Bi bertsio jokatzen ziren Albaitan: "zirkulua" eta "zubia". Jokatzeko beharrezkoa zen pilotxo egurrezko makila bat eta "manilla" izeneko punta biribileko egurrezko beste makila bat, luzeagoa. Pilotxoa manillarekin jotzen zuten, gorantz joan zedin. Aurkariek pilotxoa hartu behar zuten ahal bazen zorua ukitu gabe. Horretarako, sare moduan erabiltzen zuten zaku bat zeramaten. Pilotxoa eroriz gero, aurkariek harrapatu eta ahalik eta azkarren bota behar zuten "zubiraino" (zelaian zegoen atea). Distantziak neurtzeko manillaren neurria erabiltzen zuten.
"Txirikila", iparraldean
Aramaioko kasuan, berriz, hiru modutara esaten diote jokoari: "txikola", "txirikila", edo "txikolie". Garizuman jokatzen zuten batez ere neska-mutilek. Partaideak bi taldetan banatzen ziren. Talde bakoitzak biltzen ziren pertsonen kopuru erdia zuen, eta jokatzen hasi aurretik ados jartzen ziren bi taldeak zenbat puntutara jokatu behar zuten.
Joku honetan erabilitako materiala bi egur zati besterik ez dira. Bata 20-30 zentimetrotakoa, bi muturretan puntaduna, "txikolie" deritzona. Bestea, "mazetie", lodiagoa zen, 70 zentimetrotakoa gutxi gorabehera, punta finekoa, arteaz edo urretxaz egina. Zelaiaren lurrean borobil bat marrazten zuten, eta horri "atea" deitzen zitzaion.
Talde bateko jokalariak mazetarekin txikola airera jaurti bezain laster, beste taldeko jokalariak txikola hartzen saiatzen ziren, lurrera erori baino lehen.