Bolatokiak bete nahian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko api. 18a, 08:00
Bola-jokoan Gasteizko Foru Plazan. ASSAR

Duela gutxi arte aisialdirako jokorik herrikoiena bola-jokoa zen, modalitate ezberdinetan; Arabako herri eta auzo guztietan daude horren aztarnak, eta lanean dabiltza beste joko batzuk bezala gal ez dadin.

Elizkizunetan parte hartzen ez zuten arabarren topalekua izan dira bolatokiak Erdi Arotik. Garaiko paganoak bezala, egun ere ehunka lagun biltzen dira igandean elizan beharrean herrialdeko bolatokietan. Berrogeita hamar talde inguruk eta zazpiehundik gora jokalarik parte hartzen dute urtean zehar antolatzen diren txapelketa desberdinetan.

Arabar Bola-Jokoaren elkarteko lehendakariorde Florian Luna Cucok azaldu duenez, Zuiako Jugoko taldea da lurraldeko indartsuena, "sei aldiz irabazi du Arabako Herriarteko Txapelketa". Atzetik dago Lunaren beraren taldea, Abetxuko A, "eta gero badira beste talde indartsu batzuk, Mendoza edo Okina".

Txapelketa ugari

Bola-jokoak gainbehera handia bizi duen arren, lehiaketa ugari antolatzen dira oraindik Araban, urtarriletik hasita abendura arte. Talde guztiak biltzen dituen herriarteko txapelketaz gainera, San Prudentzion, Santiagon edo Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan ere txapelketak antolatzen ditu Arabar Bola- Jokoaren klubak.

Gainerako kirol jarduerak bezala, Covid-19ak eragindako krisiak ere herrialdeko txapelketa nagusia bertan behera uztera behartu du. "Herriarteko txapelketa goitik behera antolatuta genuen, baita finala non ospatu behar genuen ere. Orain, faltan botako dugu txapelketa, baina ez soilik jokoa bera, baizik eta elkarbizitza ere, jendearen artean sortzen den giroa oso polita da. Txapelketak, gainera, Arabako herririk ezkutuenak ezagutzeko aukera ematen dizu; ni bestela herri horietara ez nintzen sekula joango".

Praktikatzeko eta ikasteko irekiak daude Foru plazako eta Abetxukuko bolatokiak

Lunak azaldu duenez, parte hartzen duten 48 taldeen artean herri guztietakoak daude, eta Araba alderik alde zeharkatzen dute birlak botatzeko. "Gesaltza Añanatik Durrumara joaten gara, eta Araiatik Laudiora".

Mila bazkide baino gehiago izatera iritsi da Arabar Bola- Jokoaren elkartea, baina pixkanaka desagertzen joan dira talde batzuk, eta egun 700 bazkide inguru dituzte. Tartean ehun emakume. "Zazpiehun bazkidetik 40 inguru gazte- kategorian daude, 12 eta 18 urte artean; eta emakumeen kategorian ehun lagun daude, eta gainera sekulako ekarpena egiten ari dira bola-jokoan, guztietan parte hartzen dute eta indartsu ari dira emakumeak".

Bolatoki irekiak

Kirola praktikatzeko azpiegiturak herri askotan daude. Bolatokiak eguneroko bizitzako leku esanguratsuetan egiten ziren, bertakoek ondo ezagutzen dituzten tokietan, alegia kontzeju-etxearen, herriko plaza nagusiaren edo ostatu tabernaren artean. XX. mendean ere nahiko ohikoa izan zen bolatokiren bat jartzea eskolen ondoan, eta berriagoa da parkeetan, lorategietan eta kiroldegietan eraikitzea.

Horren adibide da Gasteiz. Bolatoki nagusia Foru plazan dago, nahiz eta auzoetan ere horrelakoak izan, Abetxukun edo Zaramagan kasu. Arabar Bola-Jokoaren klubeko lehendakariordeak azaldu du irekiak direla bolatokiak. "Foru plazako eta Abetxukuko bolatokiak Udalarenak dira, eta zabalik daude egunero kirola praktikatu nahi duenarentzat, federatua egon edo ez. Edozein pertsona joaten bada Foru plazara edo Abetxukura aukera izango du bola-jokoa ikasteko eta praktikatzeko".

Bestalde, Lunaren esanetan ez dira indar handia edo abilezia berezia behar bolari izateko. "Entrenatu behar da, kirol guztietan bezala, baina ez da aparteko gaitasunik behar, arreta jartzea besterik ez".

Arabar bola-jokoaren elkartean ehun emakume inguruk parte hartzen dute

Arabar Bola-Jokoaren Klubak herrialdean zabalduen dagoen modalitatea sustatzen du; alta, ez da hau praktikatzen den joko bakarra. Izan ere, 1970. urtean, bertako hamar modalitate jaso zituen Joaquin Jimenez ikertzaileak. Beraz, Arabako alde bakoitzak jokatzeko modu eta araudi berezi batzuk izan ditu betidanik; bolaren pisua eta heltzeko modua, txirloen kokalekua eta kopurua, eta bolatokiaren beraren itxura aldatzen dira lekuan-lekuan.

XX. mendearen erdialdera arte behintzat arautu gabe egon zen bola-jokoa, eta idatzi gabeko ohiturazko arauen arabera jokatzen zen. Azken laurogei urteotan, baina, kirol homogeneizatua bilakatu da. Ildo horretan, 1954ean, Gasteizko Udal Aurrezki Kutxak eta Udalak Arabako Lehen Birla Txapelketa antolatu zuten. 1965ean Arabako Bolo Federazioa sortu zen, eta 1986ean, berriz, Euskal Federazioa. Kirolaren gainbehera arindu nahi zuten modu horretan. Garai horretan aldatu ziren herri batzuetako joko motak eta beste batzuk desagertu ziren.

Gaubeako bederatzikoa

Desagertu direnen artean dago "bederatziko gobiatarra". Jose Antonio Salazar Fresnedako alkateak gogoratu du, aspaldi, Gaubeako hainbat herritan modalitate horretan aritzen zirela eta gaur, aldiz, hiru oholtzako bola-jokoa praktikatzen dutela. "Herrian beti jokatu izan dut, txiki- txikitatik. Lehen, beste modalitate horretara jokatzen genuen. Lurrezko bolatoki bat zen, bederatzi txirlokoa hura ere, tako batzuk zituena, eta txirloei lurrarekin eusten zitzaien. Baina galdu egin da jada, eta ez da herri bakar batean ere jokatzen, ezta txapelketetan ere".

Oraingo modalitatea, berriz, Burgosko iparraldetik zabaldu zen Arabara. "Gutxi gorabehera 80. hamarkadatik aurrera jokatzen da modalitate hau hemen". Izan ere, Fresnedako bolatokia berritu zutenean hiru oholtzakoa egokitu zuten; eta herri txikia izan arren, bertakoak sarritan atera dira garaile bola-joko modalitate berrian egiten dituzten txapelketetan.

Gaubean ez ezik, Arabako beste toki batzuetan ere jokatu ahal da hiru oholtzako bola- jokoa, Lantaronen bertan eta Gasteizko Arriaga parkean adibidez bolatokiak prestatuta dituzte horretarako.

Kasu honetan, bolak esku- zuloak ditu, atzamarrekin heltzeko. Bederatzi txirlo handiagoak erabiltzen dira eta beste hiru txikiagoak; errenkadan jartzen dira, lau metroko hiru taulatan zehar, launaka. Bola airetik jaurti behar da ahalik eta txirlo gehien botatzeko. Lehen botea taulan jo behar du.

Lauko palma

Dena den, "lauko palmaren jokoa" edo arabar bola-jokoa da lurraldean zabalduena eta txapelketetan protagonista. 30 metro luze izaten dituen bolatokian jokatzen da, modu berezi batez. Egurrezko hogei metroko taula luze batean zehar haritz egurrezko bi kilogramo inguruko bola bat jaurtitzen da arrastan. Bola, heldulekurik gabekoa, egurrezkoa da, eta 12 eta 15 zentimetro arteko diametrokoa.

Hiruki forman kokatutako lau txirlo botatzea izaten da jokoaren helburu nagusia. Txirlo bakoitzak bere lekua eta garrantzia izaten du, eta bolariak eskumuturrarekin eta behatzekin mugimendu berezi bat emanez bota behar du bola. Txirlo bakoitzak izena du: kantoia, guardetxea, erdikoa eta karraka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide