Joan den astearteko gertakari baten inguruko informazioa batzeko asmoarekin, oharra bidali du Salhaketa-Arabak. Jakinarazi duenez, preso bat hil da Santiago ospitalean, antza bihotzekoak jota, eta horren inguruan gertatutakoa ikertzeko eskatu du. Antza, osasun-langileekin "liskar bat" izan zuen presoak, eta Ertzaintzak "irmotasunez" esku hartu zuen."Ez dakigu une horretan, edo geroago, bihotzekoa izan zuen, eta, azkenean, hurrengo egunerako aurreikusita zuen ebakuntza egin aurretik hil zen", adierazi du elkarteak oharrean.
Informazioa ezin izan dutela kontrastatu adierazi du elkarteak, ezta presoaren nortasuna ezagutu ere. "Beraz, ustezko gertakari horien berri ematen ari gara, informazioa biltzen lagun diezaguzuen; izan ere, ez digute modu ofizialean ematen, ez osasun-instantzietatik, ez espetxe-instantzietatik, gertakari larri hori argitzen saiatzeko".