Dagoeneko 304 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; 14 pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Une honetan 187 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan -6 gutxiago-. Arabako Unibertsitate Ospitalean 156ra jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 127 daude solairuetan eta 29 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 30 lagun artatzen ari dira.
Bitartean, 18 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste bi pertsona atera dira ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
Guztira, 489 test egin dira asteazkenean Araban: horietako 451 negatibo izan dira; hau da, egindako test guztien %92,2 baino gehiago. Hau da, gero eta test gehiago egiten ari dira, eta, aldi berean, gero eta emaitza negatibo gehiago ematen ari dira.
Halere, pandemiari aurre egiteko urrats erabakigarria eman gabe dago oraindik: testak gizarte osora hedatzea.
[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
Normaltasunera itzultzeko plana
Ostiraleko agerraldian Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 26tik aurrera "deskonpresio sozial eta ekonomikorako hainbat neurri" aktibatzea eskatuko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Besteak beste, haurrak kalera ateratzea, saltokiak eta negozio txikiak modu mugatu eta mailakatuan irekitzea, Hezkuntzaren esparrurako protokolo espezifiko bat eta Administrazio publikoa "pixkanaka" berreskuratzea eskatu du Jaurlaritzak; betiere, "segurtasun neurri zorrotzekin eta urruntze fisikoa mantenduz". Baldintza zehatz batzuekin jarduera fisikoa egiteko baimena ere proposatu du lehendakariak.
Hori posible egiteko, trantsizio epe bat aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak; epe horretan maskaren erabilera orokortuko da, eta "ahal duen guztia" egingo du maskara gehiago erosteko.
Era berean, Osasun Sailak egunero egindako proben kopurua handitzen jarraituko du; bere helburua egunero 2.000 test baino gehiago egitea da: PCR probak eta proba azkarrak.
Egonkortze etapan, langileen bueltari adi
Prebentzio neurriak hartuta, milaka langile itzuli dira aste honetan lanera ezinbestekoak ez diren alorretan; normaltasunera bidean beste pauso bat eman dute beharginek, alerta egoera bere horretan mantendu eta egunez egun koronabirusak utzitako arrastoa oraindik ere latza izan arren.
Osasun krisiagatik itxialdia ezarri zenetik hilabete batera, gutxinaka martxan dira berriz ere Arabako eraikuntza eta industria arloko enpresak. Prebentzio neurri bereziekin, Michelin izan da lurraldean asteartean lanera itzuli diren lantegien artean handiena; modu mailakatuan sartu dira langileak, tenperatura hartu diete eta segurtasun distantzia bat mantendu behar izan dute.
Beharginen bueltarekin, Eusko Jaurlaritzak "bigarren fase bat" abiatu dela aipatu du, azken astean izandako datuen "joera positiboaren" ostean, eta "okerrena" iragan dela.
Alarma egoerak bere horretan jarraitzen du, ordea, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak maiatzaren 10era arte luzatzeko eskatuko dio hilaren 22an Kongresuari.
Ekonomia suspertu eta osasun krisia gainditzeko oreka zailean, baina, ikusteke dago oinarrizko langileekin batera gainontzekoak ere lanean hasteak izan ditzakeen ondorioak, koronabirusak kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak handia izaten jarraitzen baitu: ostiralera bitartean 3.000 positibo baino gehiago eta 300 hildako baino gehiago utzi ditu pandemiak Araban.
Eta osasun krisia gainditzeko lanak egin bitartean, Nazioarteko Diru Funtsak aurreikuspen gordina egin du: Espainiako BPGak %8 egingo du atzera aurten, eta %4,3 baino ez da haziko hurrengo urtean. Langabezia datuen aurreikuspenak ere kezkagarriak dira: estatuan %20,8ra igoko da aurten, eta ez da hurrengo urtean berreskuratuko. Munduko barne produktu gordina %3 txikituko da urte amaiera bitartean, 1930eko Depresio Handiaren ostean izandako daturik handiena.
"Atzeraldi sakon batean gaude. Enpresa askoren porrota eragingo duen atzeraldi bat da; langabezia asko handituko da, eta orbainak utziko ditu", adierazi du Rita Gopinathek, NDFko ekonomisten buruak.