Ostegunean informazio kezkagarria iritsi zen ALEAren erredakziora: Gasteiz kanpoaldeko egoitza batean martxoaren 23an atzeman zuten lehenengo positiboa, eta orduz geroztik 25 egoiliarretatik 22 gaixotu dira (88%). Gainera, horietako hamar lagun hil egin dira azken egunetan (%40).
Une honetan, El Diario Norte hedabideak baieztatu duenez, 18 langiletako hiru bajan daude. Zentroko arduradunetako batek pandemiak eragindako egoera gogorra deskribatu du, hedabide honi anonimotasunetik egindako adierazpenetan: "8:00etatik 22:00etara egiten dut lan, eta negarrez alde egiten dudan egunak egon dira", azaldu du.
"Abandonatuta uzten zituela uste nuen. Nire aitona-amonak dira! Pastilla bat hartu behar dut burua zuritzeko eta lo egin ahal izateko", adierazi du egoitza honetako arduradunak.
Egiazkotasuna eta gardentasuna
Egoitza honen egoera Arabako egoitza gehiagotan ematen ari dela pentsatzeko arrazoiak daude; izan ere, datuen hoztasunetik harago, egoera oso gogorra bizi dute egoitza hauetako langileek, eta baita egoiliarren senideek ere. Hori uste du, behintzat, EH Bilduko Claudia Venceslao batzarkideak.
Hortaz, EH Bilduk egoitza publiko eta pribatuetan hildako pertsonei buruzko datuak zehazteko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari: "Informazioan opakotasunak herritarren eta eragile politiko eta sozialen kezka baino ez du bultzatzen", adierazi du Venceslaok. "Erantzukizunez, herritarrei helarazten zaien informazioan egiazkotasuna eta gardentasuna eskatzen dugu".
Batzarkideak azaldu duenez, apirilaren 6ra arte, egoitzetan hildako pertsonen kopurua zehazteko Aldundiak ia egunero helarazten zuen oharrean, egoitza publiko eta pribatuen datuak bereizten zituen. Duela hamar egun baino gehiago, ordea, informazio hori ezkutatzen ari dela salatu du EH Bilduk.
Halaber, honen arrazoia egoitza pribatuetako "kontrol falta" ote den galdetu dio Aldundiari; gainera, EH Bilduren ustez, zentro pribatuetako heriotzen datuek egoitza horietan bizi den "errealitate gordina" islatzen dute.
"Arabako gizarteak gure lurraldeko egoitzetan bizi den egoeraren berri izan behar du", adierazi du Venceslaok. Hori dela eta, datu horiek egunero emateko eskatu dio Aldundiari.
Oharra: ostiral arratsaldean, apirilaren 6tik lehen aldiz, egoitza publiko eta pribatuetako datu zehatzak berriro eskaini ditu Aldundiak.
96.000 maskara eta 121 hildako
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 96.000 maskara jaso ditu egoitzetan eta bestelako gizarte baliabideetan erabiltzeko; jasotako maskaretatik 50.000 kirurgikoak dira, eta gainerako 46.000 FFP2 motakoak.
Horrez gain, bestelako osasun materiala banatzen ari da, egoiliarrak eta langileak babesteko: mantalak, eskularruak, segurtasun betaurrekoak eta maskara gehiago.
Apirilaren 15eko datuen arabera, guztira 121 pertsona hil dira Arabako egoitzetan. Aldundiak, apirilaren 6tik lehen aldiz, berriro eskaini ditu egoitza pribatuetako datu zehatzak: hildakoen artean, 69 zentro pribatutan bizi ziren, beste 57 foru egoitzetan eta gainerako biak lurraldeko udal zentroetan.
Covid-19 kasu positiboak 370 dira une honetan: 222 egoitza pribatuetan, 140 publikoetan, eta beste 8 lurraldeko udal zentroetan.
Baina datu baikorragoak ere eman ditu Aldundiak: nahiz eta proba gehiago egin diren, gaixoen kopurua mantendu egin da; eta adinekoen egoitzetako 50 pertsona sendatu dira jada.