Laudioko langile bat hil da Talleres Berasategui enpresan

Erredakzioa 2020ko apirilaren 16a

Talleres Berasategui fabrika, Arrigorriagan. / ELA

ELA sindikatuak azaldu duenez, lanean ari zen bitartean zendu da.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, lan istripua Arrigorriagako Talleres Berasategui enpresan izan da, 07:00etan, langilea lau metroko altuera batetik erori ostean. Metalgintza esparruko lanak egiten dituzte Berasateguin, eta soldatzaile beharretan ari zen hildako gizona; Laudioko 56 urteko laguna zen.

Ostiralean 24 orduko lanuztea egingo dute langileek, eta elkarretaratzea egingo dute 12:00etan enpresaren atarian, ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek deituta.

Bestalde, Aiarako balkoietan kazerolada bat egitera deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, gaur, osteguna, 19:00etan. Bost minutuko isilunearekin hasiko dira, eta ordu laurden batez ekingo diote lapiko jotzeari.

Heriotza honekin, aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako pertsonak 23 dira. Asteazkenean Pasaiako portuan garraiolari britainiar bat hil zen lan istripuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago