Informazio eta komunikazio teknologiak paper garrantzitsua jokatzen ari dira egunotako alarma egoeran. Inoiz baino presenteago daude guztion egunerokoan, eta esan liteke egoerari berari forma ematen ere ari zaizkiola neurri batean. Eragin hori baloratzeko orduan, ordea, ez dago erantzun bakar bat. Sergio Leoneren western klasikoan bezala, ona, txarra eta itsusia ditugu protagonista, nondik begiratzen zaion.
Ona
Ikuspegi instrumental soiletik, ezin ukatu IKTak oso erabilgarri suertatzen ari direla hainbat esparrutan. Haiei esker, sendagileak kasu arinen jarraipena egiten ari dira urrutitik, osasun sistemaren lan karga arinduz, eta isolatuta dauden gaixo eta adinekoek harreman minimo bat manten dezakete kanpoaldearekin, egoera apur bat leunduz.
Eta zer esan entretenimenduaz: udaberri arraro honek benetako loraldia ekarri die telebistei eta eduki plataformei. Inoiz baino eduki gehiago kontsumitzen eta sortzen ari gara IKTei esker. Biderkatu egin zaizkigu memeak, etxean egindako bideoak, zuzeneko emisioak... Kulturgileentzat ere, internet bilakatu da erakusleiho nagusia. Osasun gaietatik harago, egunerokoari nolabait eusteko makulu ederra ere suertatzen ari dira teknologiak: elkartasun sareak antolatzeko baliabide aparta izaten ari dira, eta etxean itxita gaudenontzat familia eta lagunekin harremana mantentzeko, etxetik irten gabe ikasi lan edo erosketak ere egiteko aukera badaukagu.
"Zorionekoak gara krisialdiak IKT-ak horren garatuta daudela harrapatu gaituelako"
Beraz, neurri batean esan liteke zorionekoak garela osasun krisialdi honek IKTak hain garatuta daudela harrapatu gaituelako. Osasun sistemaren ikuspegitik, gauzak askoz okerragoak lirateke autodiagnostiko, jarraipen eta urrutiko harremanetarako tresnarik gabe. Gizarte eta ekonomiarenetik, berriz, herritarron bakartzea, jarduera ekonomikoen etena, eta horren guztiaren eragin psikologikoa ere dezente larriagoak izango lirateke teknologiak eskaintzen dizkigun aringarririk gabe.
Txarra
Alde txarrak ere badira, noski. Kolpe hau oso une txarrean etorri da: teknologiarekiko mendekotasunaren inguruko ardura apur bat zabaltzen hasia zenean. Telefono egileak eurak ere oraintxe ari ziren hedatzen larregizko erabilera kontrolatu eta murrizteko tresnak. Ezohiko egoera honek, baina, bigarren planora eraman du kezka hori, eta azken orduko informazio egarriak gehi itxialdiaren ondoriozko asperdurak pantailetara pega-pega eginda jarraitzeko aitzakia eman digute.
"Animalia sozialak garenez, masiboki jo dugu sare sozialetara interakzio bila"
Aurrez aurreko elkar eragina debekatuta daukagula, animalia sozialak garenez, sareetara jo dugu masiboki interakzio bila. Eta sare sozialen erabilerarekin batera, gezurretako mezuen hedapena ere biderkatu egin da. Dinamika sinple bezain gaiztoek elikatzen dute fenomenoa. Batetik, lagun eta senideen mezuak fidagarriagoak iruditzen zaizkigu komunikabideetatik auskalo zer interes ilunen izenean iristen zaizkigunak baino. Bestetik, sare sozialak propio diseinatuta daude erabiltzailea jarraitzaile eta oihartzun handienaren bila bultzatzeko, eta horiek askoz errazago lortzen dira mezu deigarriak zabalduz.
Hortik aurrera, barra librea: limoi urak edo ur beroak birusa hil eta minbizia sendatzen duela, funtzionario plantak egiten dituzten lapurrak dabiltzala etxez etxe, era guztietako argazki, bideo eta audioak, zein baino zein deigarriago... Zurrumurru absurdoen hedapena biderkatu egin da, mezuok munduko intentziorik onenarekin baina batere kontrastatu gabe zabaltzearen zabaltzeaz.
Lan esparruan ere fenomeno bitxiak gertatzen ari zaizkigu. Telelanak salbatu du enpresa askoren jarduna. Interneteko konexioa eta beharrezko gailuak doako zerbitzu unibertsala balira bezala erabiltzen ari gara egunotan, baina ez, ez dira. Enpresa asko martxan mantentzeko erruz egiten ari garen bideokonferentzia, telefono dei, urrutiko konexio eta abarretako asko langileon poltsikotik ordaindutako internet linea eta gailuei esker egiten ari dira. Espero dezagun alde batek erakutsi duen konpromiso eta eskuzabaltasuna beste aldeak ere erakustea ezohiko egoera pasatzean...
Eskolan ere, beste horrenbeste. Teleikasketa aurkeztu zaigu salbazio taula gisa... baina familia asko dira internet eta/edo beharrezko gailuak erosi ezin dituztenak. Egia da hainbat eragile pribatu ari direla laguntza eskaintzen lubaki digitala gainditzeko, bai... Baina horiek petatxoak baino ez dira goitik behera berrikusi beharreko sistema batean.
Itsusia
Dena den, okerrena ez da zer gertatzen ari den, ondoren zer etor daitekeen baino. New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak garai berri bat ireki zuen segurtasuna eta herritarron zaintzari dagokionez. Krisi honek ere antzeko efektua ekar diezaguke konturatu orduko. Osasun-segurtasunaren aitzakia haizatzen ari da jadanik gure beldurrak astindu eta teknologiaren bidezko kontrol zorrotzagoa onar dezagun.
Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko askok pandemiaren aurka laguntzeko telefono aplikazioak zabaldu dituzte. Abiapuntua zentzuzkoa dirudi: telefonoa erabilita une oro jakin badaiteke gaixo bakoitza non eta norekin dagoen, horrek asko lagun dezake konfinamendu orokorren ordez askoz ere neurri eraginkorragoak ezartzen.
"Datu pertsonalak esku pribatuetan jartzeko errezelo etiko eta legal handiak izan dira"
Baina, zer preziotan? Aplikazio horiek ez dira erakundeek eurek sortutakoak. Software enpresa pribatuek egiten dituzte, enkarguz edo "modu desinteresatuan" edo "elkarlan publiko-pribatuaren" izenean. Gure kokapena, izen-abizenak, telefono zenbakia, harreman zirkuluak... eta orain osasun egoeraren berri ere jaso eta biltzen dute. Aste gutxi batzuk baino ez dira egundoko iskanbila sortu zela Espainiako Estatistika Institutuak gure mugikorren joan etorrien segimendua egin zuelako. Orain, Europa mailako partzuergo bat eratu dute, gure joan-etorriak ez ezik, norekin egon garen ere mugikorren bidez behatzeko. Osasun publikoaren izenean, jakina.
Datu horiek guztiak ez dituzte erakunde publikoek zuzenean kudeatzen. Enpresa pribatu horietatik pasatzen dira lehenengo eta behin, eta negozio iturri bilakatzen dira: aseguru etxeek, botikak egiten dituzten enpresek, langile berriak kontratatu behar dituztenek, publizitate agentziek... dirutza ordain dezakete gure osasun, joan-etorri eta harreman zirkuluen historia horien truke. Datuak esku pribatuetan jartzeko errezelo etiko, moral eta legal handiak izan dira orain arte, baina dena bihur daiteke zilegi "pandemia globalen aurkako borroka" tartean sartuz gero.
"Zer nahiago duzu, pribatutasuna ala osasun publikoa?". Mediku ona ala euskaldunarena bezalaxe, dikotomia faltsua da. Ez dira termino kontrajarriak, eta beraz galderak ez du zentzurik, ezin da bata ala bestea aukeratu. Inoiz galdetzen badizute, gogoratu: erantzuten saiatuz gero, zureak egin du.