Koronabirusa

Ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutela adostu du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa 2020ko api. 15a, 16:04

Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa. / MONCLOA

Ikasturte honetan unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikasle guztiek gaindituko dutela adostu du Espainiako Hezkuntza Ministerioak autonomia erkidegoekin; salbuespenezko kasuetan izan ezik. Ikasturtea ekainean amaituko da.

El Pais egunkariak aurreratu duenez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko lehen mailako ikasle guztiak hurrengo kurtsora pasatuko dira, lehenengo bi hiruhilekoetan lortutako notak ebaluatuz. Hirugarren hiruhilekoaren ebaluazioa onerako bakarrik hartu ahal izango da kontuan.

Bestalde, amaierako ebaluazioan ikasle bakoitzaren txosten pertsonalizatua egingo da, ezohiko egoeraren ondorioz abian jarriko diren errefortzu-planak diseinatzeko; izan ere, autonomia erkidegoek errefortzu-jarduerak antolatzeko aukera izango dute udan zehar.

Gainditu gabeko irakasgaiak izateko aukera egongo da, baina ikasleek datorren ikasturtean berreskuratu beharko dituzte; ez ditu errepikatzera behartuko. Errepikapenak planteatzeko Administrazioaren baimena beharko dute ikastetxeek.

Hala hitzartu dute Isabel Celaa ministroak eta kontseilari autonomikoek bideokonferentzia bidez egindako bilera sektorialean.

Gainera, neurriak ez die eragingo Batxilergoko bigarren mailako ikasleei; ebaluatzeko modua autonomia erkidegoek zehaztuko dute. Unibertsitatera sartu nahi dutenentzako selektibitateko azterketak ere mantenduko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago