Koronabirusa

Ekaitzaren osteko barealdira iritsi ote da Araba?

Erredakzioa 2020ko api. 15a, 13:17

Michelinek Gasteizen duen fabrikako langileak goizeko txandara sartzen. / LAB sindikatua

20 kasu berriekin, guztira 3.117 kasu positibo daude gure herrialdean: 3.075 Lurralde Historikoan eta 42 Trebiñun. Horrez gain, pertsona bakarra hil da azken 24 orduetan; zorigaiztoko datua, baina azken asteetako baikorrena.

Dagoeneko 274 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; pertsona bat gehiago hil dira azken 24 orduetan.

Ospitaleek saturazio fasea gainditzen jarraitzen dute. Une honetan 207‬ pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan -7 gutxiago-. Arabako Unibertsitate Ospitalean 178ra jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 148 daude solairuetan eta 30 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 29 lagun artatzen jarraitzen dute.

Bitartean, 13 alta gehiago egon dira azken orduetan, baina pertsona bakar bat ere ez da ZIUtik atera, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.

[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta

 

116 hildako adinekoen egoitzetan

Aldundiaren astearteko datuen arabera, Arabako egoitzetako bi erabiltzaile gehiago hil dira azken orduetan; guztira 116 dira koronabirusaren ondorioz hildako egoiliarrak.

Bestalde, gaixoen kopuruak behera egin du: une honetan, 383 kasu positibo daude Arabako egoitzetan: 228 zentro pribatuetan, 147 foru egoitzetan, eta gainerako zortziak lurraldeko hainbat udal zentrotan.

Horrez gain, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako etxebizitza batean erabiltzaile baten heriotza baieztatu dute. Egoiliarrak 61 urte zituen, eta hainbat patologia zituen aurretik, Aldundiak azaldu duenez. Guztira 37 kasu positibo zenbatu dira zentro horietan, eta bost pertsona ospitaleratu dituzte.

Astearteko 20:00ak arte azken 24 orduetan egindako 344 testen artean, soilik 20k eman dute positibo (%6). Hortaz, joera baikorra mantentzen ari da azken egunetan, ikuspegi epidemiologikotik.

74.000 maskara

Gurutze Gorria eta Babes Zibila kudeatzen ari dira maskaren banaketa herritarren artean; asteartean eta asteazkenean, Arabako hiriburuko garraio publikoan banatu da Madrilek bidalitako ekipamenduaren zati bat: 64.000 maskara.

Horrez gain, beste 10.000 maskara banatu dituzte Amurrion, Laudion, Buradon Gatzagan eta Gaubean.

 

Alarma egoera maiatzaren 10era arte

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak datorren asteazkenean, apirilaren 22an, alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatzeko eskaera eramango du Kongresura.

Gobernuak datozen egunetan erabaki beharko du konfinamenduari orain arte bezala eusten dion edo murrizketa batzuk altxatzen dituen; izan ere, exekutiboa lehen malgutze neurri batzuk aztertzen ari da: haurren paseoak eta kanpoan ariketa fisikoa egitea, adibidez.

Gaur arratsaldean bilduko da "deseskalatze prozesua" aztertzen duen batzordea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago