Dagoeneko 245 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; zortzi pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Hala ere, ospitaleen saturazioa murrizten ari da: une honetan 185 pertsona -34 gutxiago- daude ingresatuta Arabako Unibertsitate Ospitalean, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 152 daude solairuetan -6 gutxiago- eta 33 ZIUn.
Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 29 lagun artatzen ari dira; atzo baino bat gehiago.
Beraz, guztira 214 pertsona daude koronabirusaren ondorioz ingresatuta Arabako ospitaletan; atzo baino 5 gutxiago. Bitartean, 31 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste pertsona bat atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
[GRAFIKOA INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
95 hildako adinekoen egoitzetan
Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Arabako adinekoentzako lau egoitzatik hiruk ez dute koronabirusen kasurik baieztatu.
Hala ere, dagoeneko 95 dira gure herrialdeko egoitzetan hildako lagunak, osasun krisia hasi zenetik. Horietako 53 ospitale zentroetan gertatu dira, eta beste 42 egoitzetan bertan.
Guztira 377 kasu positibo atzeman dituzte Arabako egoiliarren artean: 230 zentro pribatuetan, 139 foru egoitzetan, eta gainerako 6ak udal zentroetan.
Konfinamendua, maiatzaren erdialdera arte
Pedro Sanchezek erabateko ziurtasunez aurreratu du hamabost egun barru berriro ere alarma egoera luzatuko duela, "ordurako ez baita pandemia amaituko". Hirugarren luzapena izango litzateke, eta maiatzaren 10era arte iraungo luke.
Espainiako Gobernuko presidentea erabaki honek biztanleriarentzat ekarriko duen kolpearen jakinaren gainean badago ere, "salbuespenezko garaiak" direla eta "salbuespenezko neurriak" hartu behar direla adierazi du.
Era berean, "normaltasun berri" batera itzultzeko aukera ere mahai gainean utzi du. Izan ere, aurreko agerpenetan nabarmendu duenez, alarma egoera guztiek ez dute zertan berdinak izan; horrek agerian jartzen du orain arteko neurri zorrotzak modu mailakatuan kentzeko aukera, betiere osasuneko adituen gidalerroen arabera.
Hala ere, normaltasun horretara itzuli baino lehen, gizarteak "moldaketa" behar izango duela adierazi du presidenteak, eta neurriak, tartean, higienearekin eta kutsatutako pertsonak antzemateko eta artatzeko osasun-ekintzekin zerikusia izango dituztela azaldu du, baina inolako eperik zehaztu gabe.