Osakidetzak emandako azken datuen arabera, 3.000 lagunek baino gehiagok dute koronabirusa Araban, horietatik 211 ospitaleratuta. Egun hauetan guztietan, gainera, zerrenda beltza utzi du gaixotasunak: 260 lagun hil dira.
Gaixotasunak jarraitzen duen joera, ordea, baikorra dela azaldu dute Osakidetzatik, positibo gutxiago eta ospitaleratutako gutxiago ere izan direlako azken orduetan. EAEn Covid 19 positibo berrien kopurua 257 da, eta egiaztatutako kutsatutako pertsonak 10.772 dira. Atzo 1.464 test egin ziren eta horietatik %17k bakarrik emaitza positiboa eman zuten. Guztira, 30.216 proba egin dira.
Joera baikorra den arren, asteartean hainbat langile bueltatuko dira lanera, eta egoera zaildu dezake. Lanera itzultzeak infekzioak areagotzea erraztu dezakeela aitortu zuen larunbateak Osasun sailburuak; kutsatzeak saihesteko enpresen eta norbanakoen "ardura" eskatu zuen.