Aberri Eguna "batera" ospatzeko deia

Erredakzioa 2020ko api. 12a, 07:57
Mosaiko erraldoi bat osatuko dute bidalitako argazkiekin. / Batera

Balkoi eta leihoetan elkarrekin kantatu eta argazki mosaiko erraldoi bat osatu nahi dute.

Konfinamenduaren eraginez, ezingo da gaur Aberri Eguna kalean ospatu, eta hainbat lagunek balkoietan "elkarrekin" ospatzeko deia luzatu dute. Euskal Herri osoan Batera ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan egitea proposatu dute; aldi berean, keinu honen bitartez larrialdi honetan bizia galdu dutenak omendu, dolua adierazi eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazi nahi diete. 27 lagunek osatu dute talde sustatzaileak; besteak beste, Amurrioko Basilio Garcia udaltzainak eta Gasteizko Maialen Saez de Okariz erizainak.

"Horrela aldarrikatuko dugu euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratua nahi dugula", azaldu dute dagoeneko milaka herritarren babesa jaso duten ekimeneko sustatzaileek."Eta elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango diola gure herriari behar duen etorkizuna. Eta, gaur egun, nazio eraikuntzak behar duela oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena".

Ikur erraldoia osatu ahal izateko, bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin mosaiko handi bat egin nahi dute. "Eta jar dezagun Euskal Herria Batera kantuan, egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz, ikurrinez eta Nafarroako banderez apaindutako balkoietan". 12:3oan izango da, ordu horretan minutu bateko isilunea gordeko da hildakoen omenez, eta, gero, Txoria txori kantatuko dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide