Koronabirusa

250 hildakoen langa gainditu du herrialdeak

Erredakzioa 2020ko api. 11a, 14:09

Lanera itzultzeak infekzioak areagotzea erraztu dezakeela aitortu du Osasun sailburuak; kutsatzeak saihesteko enpresen eta norbanakoen "ardura" eskatu du.

Hamaika lagun gehiago hil dira Araban azken 24 orduetan koronabirusak jota. EAEko Osasun sailak emaniko datuen arabera, sei dira azken 24 orduetan lurraldean hil direnak. Gaztela eta Leongo Juntak erkidegoari buruz eskaintzen dituen datu ofizialen arabera, berriz, bost lagun hil dira Trebiñuko osasun eremuan. 

Hortaz, herrialde osoa kontuan hartuz gero, dagoeneko 259 dira Covid-19aren eraginez gurean zendutako lagunak.

Bestalde, 85 kasu berriekin –3 Trebiñun eta 82 gainerako Arabako eskualdeetan–, guztira, 3.030 kasu positibo daude gure herrialdean: 2.990 Lurralde Historikoan eta 40 Trebiñun.

 

Lantokietan "jarraipen estua"

Hurrengo astean langile asko lanera itzultzeak birusaren hedapenean izan dezaken eraginaren inguruan, Nekane Murga Osasun sailburuak aitortu du gaur "nolabaiteko infekzio-maila eragin dezakeela", baina lan-jarduera kontrolatuta izango dela ziurtatu du. Enpresek kutsatzea saihesteko neurriak hartuko dituztela esan du, eta langileen "erantzukizun indibiduala" ere aipatu du infekzioak ekiditeko.

Halaber, ziurtatu du neurriak jarriko direla, eta "jarraipen estua" egingo dutela lantokietan.

Azokak egin ahalko dira

Bestalde, merkatuen itxieraren aurrean, baserritarrek adierazi duten ezinegonari eta haserreari erantzun die Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Argitu du hurrengo astetik aurrera azokak eta merkatuak egin ahalko direla, eta nabarmendu du azokak ixteko erabakia "osasun irizpideei" jarraituta hartu zutela.

Udal egoitzetan 36 positibo

Bestetik, Gasteizko Udalak kudeatzen dituen San Prudentzio, Los Molinos, Aurora eta tutoretzapeko apartamentuetan 36 kasu positibo gehiago atzeman dituzte azken orduetan, egoiliar guztiei probak egin ostean.

Krisia hasi zenetik, San Prudentzioko 5 pertsona hil dira COVID-19ren ondorioz.

San Prudentzion, 127 egoiliarren artean, 34 positibo daude, eta sintomarik gabe beste 36 lagun daude, positiboekin kontaktua izateagatik prebentziozko isolamenduan. Halaber, sei kasu infekzioarekin bateragarriak diren sintomak dituzte, isolamenduan, nahiz eta negatibo eman duten egindako proban.

Los Molinos eta Aurora etxebizitza komunitarioetan bizi diren 59 lagunetik, berriz, batek eman du positiboa; eta  tutoretzapeko apartamentuen, ere, 173 pertsonatik bat bakarrik dago kutsatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago