Koronabirusa

Koronabirusa atzemateko test bat garatu du euskal zientzialari talde batek

Erredakzioa 2020ko api. 10a, 09:07

Arabako Unibertsitate Ospitalea. /Alea

Testak birusik ez duten eta kutsatuta dauden pertsonen artean bereizteko aukera ematen du, eta 10 egunean garatu dute, "erritmo bizian".

EHUko hainbat sailetako zientzialari sare batek, Ikerbasquek, Achucarrok eta Biofisika Bizkaia Fundazioak, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19a atzemateko 'RT-PCR' test bat garatu dute. Honi esker, "euskal sistemari testen kopurua handitzea ahalbidetuko" dio, Munduko Osasun Erakundearen gomendioari jarraituz.

Proba "fidagarria eta azkarra" dela azpimarratu du Euskal Herriko Unibertsitateak, eta kit komertzialik ez duela behar nabarmendu du. Horren ondorioz, beste test batzuei eragiten dien hornikuntza arazoetatik kanpo geratzen da.

EHUk azaldu duenez, 'PCR' "material genetikoaren kopuru txikiak" handitzeko teknika bat da, kasu honetan birusarena, eta 'RT-PCR' aldaeran "material genetiko horren hautemate kuantitatiboa ahalbidetzen du". Beraz, birusik ez duten eta kutsatuta dauden pertsonen artean bereizteko aukera ematen du.

Ikerketa konfinamenduko lehen astean hasi zen, eta, arduradunen hitzetan, "erritmo bizian" egin da. 55 ikertzailek osatutako talde batek "argitaratutako artikuluen berrikuspen bizi baten eta eztabaida telematiko ugariren" ostean, EHUren laguntza instituzionala jaso duen ekintza-plan bat diseinatu zuten.

Martxoaren 27an, ostiralean, Euskal Biobankuaren bidez, Osakidetzak diagnostikatutako lehen laginak jaso zituzten, eta, "protokoloak prestatu eta 10 egunera, testa % 100eko espezifikotasunean eta % 92ko sentikortasunean ekoiztu da", Euskal Herriko Unibetsitateak zehaztutakoaren arabera.

Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzailearen eta ekimenaren koordinatzailearen iritziz, test alternatibo hau auzolanean garatzeak ikerketaren eta zientziaren garrantzia azpimarratzen du, "bai eta dagokion babes instituzionalarekin horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen benetako inpaktua ere".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago