Dagoeneko 229 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; 17 pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Hala ere, ospitaleen saturazioa murrizten ari da: une honetan 212 pertsona -34 gutxiago- daude ingresatuta Arabako Unibertsitate Ospitalean, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 177 daude solairuetan -35 gutxiago- eta 35 ZIUn -bat gehiago-. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 25 lagun artatzen jarraitzen dute.
Beraz, guztira 237 pertsona daude koronabirusaren ondorioz ingresatuta Arabako ospitaletan; atzo baino 34 gutxiago. Bitartean, 46 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste pertsona bat atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
[GRAFIKOA INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
Apirilaren 26tik aurrera kalera, baina...
Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Ogasun ministro Maria Jesus Monterok ziurtatu du apirilaren 26tik aurrera hasiko dela "deseskalatze" bezala izendatu duten konfinamenduaren leuntze prozesua.
Egun horretatik aurrera, herritarrak "pixkanaka eta modu ordenatuan" atera ahal izateko formularen bila dago Espainiako Gobernua, itzuleran kutsatutakoen "ustekabeko tontorrik" egon ez dadin.
Horregatik, jendea kale eta plazetara itzuliko da, eta "bizitza normala" berreskuratzen joango da, baina betiere Gobernuak berak hurrengo egunetan emango dituen "jarraibide argien" menpe.