Koronabirusa

Espetxe zigorra eta isuna itxialdia behin eta berriro urratu duen gizon batentzat

Erredakzioa 2020ko api. 8a, 11:12

Atzora arte, 1.111 lagun salatu dituzte udaltzainek. /Alea

Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, baina epaileak zigorra eten du "hiru urteko epean" ezarritako arauak ez urratzeko baldintzarekin.

Udaltzainek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten astelehen arratsaldean itxialdia ez errespetatzeagatik eta agindutakoa "modu larrian" ez betetzeagatik; arrazoi beragatik salaketa jasotzen zuen seigarren aldia zen. El Correok jakinarazi duenez, 1. instrukzioko guardiako epaitegiaren esku utzi zuten atzo, eta bide azkarretik eman zuen epaia: espetxe zigorra, isuna eta komunitatearen aldeko lanak.

Gertakariak 17:30 aldera jazo ziren Gasteizko Errege Katolikoen kalean, astelehen arratsaldean. Azalpenak eskatu zizkion patruila batek bizikletaz zebilen lagun bati; lehenik estanko baten bila ari zela esan zuen, baina gero etxean itxita ezin zuela denbora gehiago egon onartu zuen. Itxialdia ez betetzeagatik eta modu errepikakorrean ez betetzeagatik, atxilotu eta Agirrelandako polizia-bulegoetara eraman zuten.

Berrogeialdia behin eta berriz urratzeagatik, lehen espetxe-zigorra ezarri zuten atzo. Epaiak lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio, baina delitu larririk egin ez duela ikusita zigorra eten diote,  "hiru urteko epean" ezarritako arauak beteko dituen baldintzapean. Denbora tarte horretan berriro atxilotzeak Zaballako espetxean sartzea ekarriko du, azaldu dutenez.

Era berean, 3.005 euroko isuna ordaindu beharko du, eta "komunitatearen onerako 90 lanaldi" bete beharko ditu.

Koronabirusaren pandemiaren hedapena saihesteko itxialdia dekretatu zenetik, udaltzainek atxilotu duten seigarren laguna da hau; gainera, atzora arte, udaltzainek 1.111 pertsona salatu eta 5.771 ibilgailu kontrolatu dituzte.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago