"Lehentasuna osasuna zaintzea da, eta hurrengo erronka ekonomia lehengoratzea". Ahaldun nagusiak agerraldia egin du astearte goizean Arabako Batzar Nagusietan, bideokonferentziaz; besteak beste, Covid-19aren krisia hasi zenetik foru gobernuak hartu dituen neurrien berri eman du.
Osasun krisiaren osteko ekonomiaren lehengoratzean "desberdintasunak eragoztea" erronka nagusia izango dela azpimarratu du Ramiro Gonzalezek.
Adinekoen egoitzak eta langile soziosanitarioak
Agerraldiaren zati handi bat hartu du Gizarte Politiken Sailaren lanak; izan ere, helburua "uneoro" birusaren hedapena geldiaraztea izan dela nabarmendu du ahaldun nagusiak.
Horretarako prebentzio neurriak eta protokoloak "muturreraino" eraman dituztela adierazi du Gonzalezek, erabiltzaileen zein profesionalen mesedetan eta baliabideak eskainiz.
Azken egunetan, Zadorra egoitza positibo eman duten eta laguntza beharrizan handiagoak dituzten egoiliarrak artatzeko erreferentziazko zentro soziosanitario gisa ezarri du Aldundiak.
Bestalde, azaldu duenez, dagoeneko proba egin zaie Zadorra, Ariznabarra, Sallurtegi eta Samaniego egoitzetako erabiltzaile guztiei, baita bost zentro pribatukoei ere; eta asmoa probak "era intentsiboan" egiten jarraitzea dela esan du.
Horrez gain, jakinarazi du testak egiten ari zaizkiela Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) langileei, eta guztira 45 positibo izan direla; hau da, plantilla osoaren %3.
Neurri ekonomikoak
Aldi baterako 3.314 lan erregulazio espediente aurkeztu dira Araban, orain arte; eta ahaldun nagusiak gaineratu duenez, enpresen %98 jo du krisiak.
Aurrekontuen arretagune nagusia "kolektibo ahulenen arreta soziosanitarioa" dela nabarmendu du Ramiro Gonzalezek; hortaz, Aldundiak neurri ekonomiko gehiago hartu beharko dituela iragarri du.
Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saila aurrekontuak eta aurreikusitako gastuak berraztertzen ari da, eta lehentasunak birbideratu beharko direla dio Aldundiak.
Itzulketak aurreratzeko eta ordainketak atzeratzeko onetsitako premiazko neurriak www.ayudasarabacovid19.eus wegunean jaso dituzte, eta dagoeneko 4.000 bisita baino gehiago izan ditu.
Suhiltzaileak
Orain arte, osasun krisiari lotutako 450 zerbitzu egin ditu suhiltzaileen erakunde autonomoak Araban. Ramiro Gonzalezek zerbitzu publikoetan egin diren desinfekzioak nabarmendu ditu: egoitza publiko eta pribatuetan, osasun zentroetan eta elikadura zentroetarako sarreretan, farmazietan, autobus geltokietan edota hiriko altzarietan.
Covid en kontra borrokatzen jarraitzen dugu.
— Arabako Foru Suhiltzaileak (@BomberosAraba) April 2, 2020
Desinfeccion contra el Covid en Residencias, zonas comunes en municipios...
Velamos por ti pic.twitter.com/g7NcJ1JUwM