AHTaren obrak eta proiektu berriak, lizitazioak eta tren egitasmoa garatzeko egiten ari diren izapideak "berehala geldiaraztea" galdegin diote administrazioari tren azpiegituraren kontrako Arabako eta Nafarroako taldeek. Halaber, inbertsio hori osasunera eta gizarte-zerbitzuetara bideratzeko exijitu dute. "Momentu berezi honetan horrelako proiektuen zentzugabekeria salatu nahi dugu berriro ere".
AHTaren kontrako taldeek nabarmendu dutenez, urteetan osasungintzan eta gizarte-zerbitzuetan "gobernuek egin dituzten murrizketen ondorioz" sortu da egungo egoera: "egunez egun ikusten ditugu gainezka dauden ospitaleak, osasun-langileak txandak bikoizten, abandonatutako adinekoen egoitzak, jendea bakardadean hiltzen, ospitale inprobisatu bihurtutako hotelak, pertsonak maskarak egiten haien etxeetan... ". Esparru horietan murrizketak egiten ziren bitartean, tren lasterra bultzatzeko milioika euro gastatzea deitoratu dute, eta modu horretan "erosteko ahalmen handiko sektoreen aberastasunari legez kontra" mesede egitea.
Plataformek berretsi dute alternatiba tren soziala dela, "herriak, hiriak eta industrialdeak lotuko dituena eta bidaiariak zein merkantziak garraiatuko dituena, lurraldean eremu isolaturik utziko ez duena eta ekonomikoki edonorentzat eskuragarria izango dena".