Bertan behera geratu da Oporrak Bakean programa

Erredakzioa 2020ko apirilaren 7a

Haurrentzako jarduerak prestatuko dituzte kanpalekuetan uda honetan. / Afanis

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako 50 bat haurrek pasa behar zuten aurtengo uda Araban.

Uda garaiarekin batera, urtero, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako haurrak Arabako familien etxeetan izaten dira Oporrak Bakean programari esker. Ekaina amaieratik abuztu amaiera arte izaten den egonaldia, ordea, bertan behera geratuko da aurten osasun krisiaren ondorioz; 50 bat haurrek igaro behar zuten uda Araban.

"Erabaki mingarria bada ere, gure ustez hartu dezakegun erabakirik egokiena da munduak bizi duen salbuespenezko egoera kontuan izanda", adierazi du Espainiako Saharar Ordezkaritzak. Oporrak Bakean harrera-programaren barruan, laguntza medikua eta elikadura orekatua ematen zaizkie umeei azken urteetan, eta, halaber haur sahararren eta arabarren arteko kultura-trukea sustatzen dute. Egitasmo solidario honekin jarraitu ahal izateko, Frente Polisarioak "beste egitasmo bat" prestatuko dutela adierazi du: "Haur hauen kultura, hezkuntza eta kirol beharrei erantzuteko, jarduerak prestatuko ditugu uda honetarako, eta modu honetan milaka haurren sufrimendua arintzeko". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago