Koronabirusa

Arabak arnasa hartu du: pandemia egonkortze fasean dago

Erredakzioa 2020ko api. 6a, 14:24

Osasun arloko profesionalei testak egiteko prefabrikatua Txagorritxun. / ALEA

2.709 koronabirus kasu positibo daude Araban, baina hildakoen eta kutsatze berrien eguneroko beherakadak etapa berri bat ireki du. Gainera, test positiboen tasak behera egiten jarraitzen du eta ospitaleek ZIUen saturazioa murrizten jarraitzen dute.

Azken 24 orduetan 76 kasu positibo berri antzeman ditu Osakidetzak, eta guztira 2.709 kasu positibo daude gure herrialdean; Arabako Lurralde Historikoan Osakidetzak antzemandako 2.675 kasuak eta Trebiñuko 34ak ere kontuan hartu ditugu.

Dagoeneko 210 hildako eragin ditu koronabirusak Araban, osasun krisia hasi zenetik. Baina datu baikorragoei erreparatuz, ospitaleratzeen datuen joera egonkortu da eta saturazioa murriztu da, bai ospitaletan, baita ZIUetan ere: une honetan 252 pertsona ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 217 daude solairuetan eta 35 ZIUn.

Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 25 lagun artatzen ari dira. Beraz, guztira 277 pertsona daude koronabirusaren ondorioz ingresatuta Arabako ospitaletan.

Modu honetan, Arabako ospitaleratzeen datuen joera baikorra konfirmatzen ari da; izan ere, azken egunetan alta gehiago ematen dira ingreso berriak baino: 22 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste 4 pertsona atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.

Adinekoen egoitzak

Aldundiaren azken datuen arabera, dagoeneko 72 pertsona hil dira Arabako adinekoen egoitzetan; hala, adineko egoitzetan hildako egoiliarrak gure herrialdean hildakoen %30 baino gehiago, gutxienez.

Horietako 40 ospitalean hil ziren, baina beste 32 egoitzan bertan. Egoiliar horietatik 46 egoitza pribatuetan zeuden. Beste 23 pertsona foru egoitzetan hil dira, eta beste 3 udal zentroetan.

Azken egunetan, Abetxuku auzoko Zadorra egoitzak koronabirusa duten Araba osoko egoiliarren arreta zentralizatu du.

 
 

 

Test positiboen tasa behera doa

Argi dago kasu positiboak datu ofizialetan baieztatutakoak baino gehiago direla, eta egindako test kopurua ere Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako irizpideen azpitik dago.

Hala ere, Covid-19 positibo berrien kopurua eta datuen bilakaera aztertzerakoan, kontuan hartu behar dugu ere egun bakoitzean egindako test kopurua. Azken egunetako datuei dagokienez:

  • Apirilaren 2an, ostegunean: 312‬ test; horietatik, 90 positibo (%28,8) eta 222 negatibo (%71,2).
  • Apirilaren 3an, ostiralean: 305‬ test; horietatik, 92 positibo (%30,2) eta 213 negatibo (%69,8).
  • Apirilaren 4an, larunbatean: 354 test; horietatik, 100 positibo (%28,2) eta 254 negatibo (%71,8).
  • Apirilaren 5ean, igandean (gaurko datuak): 182‬ test; horietatik, 72 positibo (%39,6) eta 110 negatibo (%60,4).

Joera aldaketa testuinguruan ulertu behar dugu: testak egiterakoan, oro har, gero eta negatibo gehiago daude positiboak baino. Hala ere, zentzu horretan, gaur ezagutu ditugun datuak azken egunetakoak baino okerragoak dira. Halaber, test gutxiago ere egin dira igandeko datuak jasotzen dituen txostenaren arabera.

 

 

Arabako positiboak herriz herri

Koronabirusak Arabako udalerrietan eragindako kasu positiboen datuak ere jaso ditugu, herriz herri:

  • Gasteiz: 2.250.
  • Laudio: 75.
  • Amurrio: 55.
  • Agurain: 26.
  • Bastida: 24.
  • Iruña Oka: 15.
  • Oion: 14.
  • Kanpezu: 13.
  • Zigoitia: 13.
  • Aiara: 13.
  • Zuia: 12.
  • Samaniego: 12.
  • Artziniega: 8.
  • Dulantzi: 10.
  • Legutio: 6.
  • Barrundia: 5.
  • Bernedo: 5.
  • Lantaron: 5.
  • Okondo: 5.
  • Arratzua-Ubarrundia: 4.
  • Bilar: 4.
  • Burgu: 4.
  • Iruraiz-Gauna: 4.
  • Urkabustaiz: 4.
  • Donemiliaga: 3.
  • Eltziego: 3.
  • Erriberabeitia: 3.
  • Erriberagoitia: 3.
  • Iekora: 3.
  • Aramaio: 2.
  • Asparrena: 2.
  • Gaubea: 2.
  • Guardia: 2.
  • Zanbrana: 2.
  • Armiñon: 1.
  • Arraia-Maeztu: 1.
  • Berantevilla: 1.
  • Eskuernaga: 1.
  • Lapuebla de Labarca: 1
  • Lantziego: 1.
  • Leza: 1.
  • Mañueta: 1.
  • Moreda Araba: 1.
  • Zalduondo: 1.

Bestalde, Gaztela eta Leongo Osasun Sailak datuak zonaldeka eskaintzen ditu; datu horien arabera, Trebiñun 34 kasu positibo daude.

Gasteizko osasun eremuak

Arabako hiriburua koronabirusagatik kolpatuena bada ere, kutsatze-tasa ezberdina da Gasteizko auzo batetik bestera. Une honetan, Abetxuko, San Marin, Sansomendi, Gazalbide-Txagorritxu eta La Habana (El Pilar) dira osasun eremu kaltetuenak hirian.

Horretarako 100.000 biztanleko kutsatze-tasa aztertu du ekonomia eta gizarte garapenerako Gaindegia behategiko Asier Otxoa de Retanak:

Kutsatze-tasaren bilakaera Gasteizen, osasun eremuaren arabera. / Asier Otxoa de Retana

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago