Koronabirusa

Zerbitzu publikoko bokazioa

Miren Arregi 2020ko api. 6a, 09:03

Alearen erredakzioa hutsik dago egunotan. ALEA

Hedabideen lana premiazko ondasuna da egunotan eta audientziek gora egin dute nabarmen; egoerak baldintzatuta eta publizitatearen jaitsierak kolpatuta egin behar dute aurrera.

Ez dira garairik onenak, hori argi dago. Osasun larrialdia dago lehen lerroan eta hari atxikita ekonomikoa. Gizarte eta sistema bezala bizitzen ari garen krisia dago batetik, eta etxe zein familia askotan bizi duten haustura emozionala bestetik. Ez dira, ez, garai onenak; ez dago zalantzarik. Halere, gizakiak badaki txarretik ona ere ateratzen eta oraingo honek egunero uzten ditu horrelakoak. Herritarren elkartasun oihuak, txaloak, ekintzak; osasun langileak egiten ari diren lana; herritarren oinarrizko beharrak aseta egon daitezen lanean diharduten dendari, garraiolari, garbitzaile eta abarrena, eta baita, egunero eta une oro, herritarrei informazio fidagarria helarazteko lanean diharduten hedabideena ere.

"Arduraz jokatu behar da, oso gai sentsiblea delako"

Martxelo Otamendi, BERRIA

Alarma egoeran, kazetaritzak argi utzi du premiazko jarduera dela. "Informazioa oinarrizko eskubidea da eta legeak babesten du kazetaritza jarduera, baina ez du legeak esan beharrik garrantziaz jabetzeko", argitu du Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek. Informatuta egotea premia biziko ondasuna da, eta egunotan benetan baloratzen da hedabideen zerbitzu publiko izaera; horregatik dute inoiz baino eskaera handiagoa hedabideetako edukiek. Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendirentzat ere hedabideen lana lehen lerrokoa da: "Kalitatezko informazioa ematea da, interesgarria, gizarteari zerbitzu ona eskaintzea; eta arduraz jokatuta, oso gai sentsiblea delako". Hori aurrera atera ahal izateko, ordea, "ahalegina ikaragarria da", dio TOKIKOMeko Joxe Rojasek: "Kikildu eta murriztu beharrean, guztiak ari dira inoiz baino lan gehiago egiten, zerbitzu publikoko bokaziotik. Konpromiso handia sumatzen da komunikazio proiektuekiko eta, batez ere, bizilagunak informatuta mantentzeko zereginarekiko, eta hori ere luxu handia da". 

Desinformazioaz informatzen

 

Hain zuzen ere, desinformazioaz informatzea ere bada une  honetan informazio fidagarria eskaintzen duten hedabideen lana, fake news-ak eta sare sozialetan zabaltzen diren gezurrak inoiz baino presenteago daudenean. "Gure lana ere bada informatzea eta desinformazioa den hori salatu eta kontrastatu ostean bertsio berri bat ematea. Egiaren atzetik behar du ibili kazetariak, beti bilatzen ez bada ere", dio Arantzabalek.

Audientziek, gora

Ez dira garai samurrak eta herritarrek etengabeko beharra dute informatuta egoteko. Koronabirusaren krisia hasi zenetik, hedabideen audientziek nabarmen egin dute gora, ez soilik interneteko datuetan, baita  irratietan, egunkarietan eta telebistetan ere. Audientziek gora egin dute, eta, noski, ez dira salbuespen tokiko hedabideak. Martxoan zehar, Tokikomeko sareko webguneek 1.750.000 bisita inguru izan zituzten, otsailean baion %47 gehiago. Azekin hilabetean, 3.800.000tik gora albiste,  bideo, galeria edo bestelako eduki bistaratu dituzte Tokikomeko medioek.

"Egoera honek argi utzi du tokiko komunikabideen garrantzia"

Joxe Rojas, TOKIKOM

Joxe Rojasek Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak, nabarmendu du egoera honek "argi baino argiago" utzi duela sarritan bigarren mailakotzat jotzen jotzen diren toki komunikabideen garrantzia: "Honelako egoera batean, hedabide handiek, halabeharrez, egoeraren maila orokor edo globalera jotzen dute: bateko eta besteko gobernuak zer dioen, mundu mailan zelan doazen gauzak… informazio hori  beharbeharrezkoa da, baina baita gure egunerokoan erabakiak hartzerakoan baliagarri izango zaigun informazio praktikoa jasotzea ere". Berria-ren kasuan ere "jende gehiago ari da orain erosten" eta webguneko bisitek ere nabarmen egin dute gora, Otamendik esan duenez. EITBren kasuan, bestalde, albistegietako audientziaren hazkundea %40 ingurukoa ari da izaten, orokorrean, telebistan zein Interneten.

Publizitatea, nabarmen behera

Baina egoera ez da inolaz ere erraza, hedabideek euren kontsumoa handituz doala ikusi dutenean, publizitateak kezkatzeraino egin baitu behera. Espainiako prentsa, irrati eta telebista pribatuen elkargoak, esaterako, laguntza eskatu du publizitateak izandako jaitsiera itzelaren ondorioz hainbat eta hainbat medio arriskuan daudela argudiatuta. Italian, esaterako, krisia hasi zenetik esponentzialki igo da informazio medioen kontsumoa, baina behea jo dute publizitate bidezko diru-sarrerek. Hala, Gobernuak laguntza pakete bat onartu du sektorea jasaten ari den publizitate beherakada arintzeko. Publizitatearen beherakadak kolpatu ditu euskal hedabideak ere. Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabal kezkatuta mintzo da horretaz: "Oso kezkatuta gaude. Beharrezkoagoak garenean, apirilerako aurreikuspena da publizitateak %50 egitea behera. Horri gehitu behar zaio krisi honekin lotutako zero publizitate sartu zaigula erakundeetatik, nahiz eta irismen handienekoak izan Tokikomeko hedabideok".

"Beharrezkoak garenean, publizitateak asko egin du behera"

Iban Arantzabal, GOIENA

Berria-ko zuzendari Martxelo Otamendik badu hilabete gutxian bizitza normalera bueltatuko garen esperantza: "Espero dezagun gure lanaren parametro nagusiak ere normalizatzea; publizitatea, batik bat. Azkenaldian baino erosle eta irakurle gehiago hurbildu zaizkigu bi asteotan, gure erronka da horiek gero ere gurean segitzea, egindako lanari balorazio ona ematen badiote. Komunikabideen kontsumoak gora egin du nabarmen, baina publizitatea desagertu egin da erabat. Guk ere sufrituko dugu hilabeteotako jaitsiera ekonomikoa, baina aurrera segitzeko adina indarra eta sendotasuna badauzkagu"

Publizitatearen gutxitzea ez da hedabideek krisi honen ondorioz saihestu behar duten zailtasun bakarra. Izan ere, lan egiteko modua nabarmen aldatu da, besteak beste, kazetariek etxetik dihardutelako. Berria-ren kasuan "lantaldearen %90 etxetik ari da; talde txiki bat geratu da Andoaingo erredakzio zentralean, eta beste guztiak, gure lanak ahalbidetzen duelako, etxetik ari dira", azaldu du Otamendik. Ildo horretatik, Tokikomeko Rojasek balioa eman dio langileen "konpromiso handiari komunikazio proiektuekiko eta, batez ere, bizilagunak informatuta mantentzeko zereginarekiko". Aldatu dena da, baita ere, kazetaritza egiteko baliabideen erabilera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago