Koronabirusa

"Entzuleak gertuago sentitzen du irratia krisi garai hauetan"

Anakoz Amenabar 2020ko api. 2a, 19:34

Naiara Lopez de Munain, etxeko egongelan. / N. Lpz de Munain

Koronabirusak Cadena Ser Vitoria irratian ere arrastoa utzi du. Hainbat langile gaixotu dira, eta, beste milaka kazetariren antzera, etxetik lanean ari dira ia gehienak egunotan.

Telefonoa, ordenagailua, agenda eta beharrezko tresnak gertu, irrati estudioa etxeko egongelan prestatu du Naiara Lopez de Munainek (Gasteiz, 1980) eguneroko irratsaioa aurrera ateratzeko. Teknikoki erronka berria, eta profesionalki ere “ahaztuko ez duen” momentua dela dio.

Etxetik ari zarete lanean, ezta? Nola antolatu duzue programa?

Momentu honetan bakarrik teknikaria joaten da irratira, eta kazetari guztiok etxetik egiten dugu lan. Bost lagun gaixotu dira erredakzioan, sintoma desberdinekin, eta horrek dena kolokan jarri du, baina uste dut egoerara moldatzen jakin izan dugula eta ari gara ahalik eta hoberen egiten.

Nolakoak dira egun berezi hauek lanean?

Jaiki, gosaldu eta interneten prentsari begiratu bat egiten diot. Eta bederatziak aldera lehenengo bilera izaten dut skypez Deliarekin (Tobias) Hoy por Hoy Vitoriako guztiak prestatzeko; eta, ostean, erredakzio guztia biltzen gara. Bakoitzak zer lan duen kontatu, eta gero etxetik irratian egingo nukeen produkzio guztia. Egun hauetan, adibidez, elkartasun ekimen ugari ari gara jasotzen, eta horiekin ari naiz lanean. Eta sare sozialetan ere inoiz baino lan gehiago egiten ari naizela uste dut, demagun egunotan ezkontzeko planak zituzten lagunen bila…

Koronabirusa da jaun eta jabe programan?

Saiatzen gara gai desberdinak lantzen, baina oso zaila da. Sakontasun handiagoko gai batekin hasten dugu orain programa, eta Aire fresco izeneko atalean bestelako gai batzuk jorratzen ahalegintzen gara, edo behintzat koronabirusari lotuta baina ikuspuntu arinago batetik. Arte eta Lanbide eskolako jendearekin hitz egin dugu egun hauetan, esate baterako, eta arabar guztientzat prestatu dituzten hamaika jardueren berri eman digute. Koronabirusetik aldentzen saiatzen gara, baina kosta egiten da.

Lanetik aldentzea zailagoa da etxean?

Saiatzen naiz arratsaldean pixka bat deskonektatzen, baina etengabe inputak jasotzen ari gara eta ez da erreza. Lagunak, familia, sare sozialak… koronabirusa etengabe daramagu gainean. Hasieran albiste guztiak ikusten nituen, irratia momentu oro… baina murrizten joan naiz nire buru osasunagatik ere. Uste dut guztiok gaudela saturatuta. Egunean pare bat ordu niretzat hartzen saiatzen naiz, baina beti dago deiren bat…

"Sortzen ari diren elkartasun ekimen ugariak nabarmendu nahi ditugu programan"

Datu gordinak pilatzen dira egunero. Informazio hori nola lantzen duzue programan?

Programaren lehenengo zatian datu gordinak ematen dira, informazio gordinagoa. Eta bigarren zatian jendea animatzen saiatzen gara, beti erreza ez den arren… Horretarako, inguruan diren elkartasun ekimen horien berri ematea atsegina dela uste dut eta azpimarratu nahi ditugu, denon artean egiten ari garela eta denon artean aterako garela nabarmentzeko.

Irratian bizi izan duzun momenturik zailena da hau?

18 urte daramatzat irratian eta beharbada bai. Teknikoki, dudarik gabe; otsailean esan izan balidate programa etxetik egin behar nuela, ez nuen sinetsiko. Ezinezkoa! Zoratuta zaude! Teknikoki guretzat dena da berria, eta moldatzen ikasi behar dugu. Maila pertsonalari dagokionez, momentu oso bereziak bizi izan ditut irratian, eta, besteak beste, oso ondo gogoratzen dut ETAk su-etena iragarri zuenean eta Isabel (Cobo) teletipoa eskuan estudiora sartu zenean malkoa ezin eutsi… edota egun horretan Angels Barcelok Hora 25 gaueko programarako “Zer kontatu nahi duzue gaur?” galdetu zuenean; ospitalera joan eta egun hartan aita izan zen lagun bati egin nion elkarrizketa, ahaztuko ez dudana. Momentu bereziak izan ditut irratian, baina oraingoa erabat desberdina da. Uste dut hau ez zuela inork imajinatzen; bapatean gertatu da, shock egoeran geratu gara eta poliki poliki ateratzen ari gara… baina nik nabaritzen dut sentibera nagoela, askotan negar egiten dudala, zortzietan balkoira atera eta edozerk hunkitzen nauela…

Krisi garaietan lagun ona izaten da irratia.

Irratia krisi momentuetan indartu egiten da. Alde batetik, sinesgarritasuna duela esaten da, eta, bestetik, uste dut badela munduari begiratzeko leiho bat. Zure etxean inoiz baino gehiago leloa errepikatzen dugu programan, eta kontzeptua hori dela uste dut; jendearen etxeetan sartzen gara, orain nahi eta nahi ez etxean daude, eta irratiko leihotik ateratzen direla uste dut. Irratiko ahotsen eta entzuleen artean harreman oso berezia sortzen da, intimoa, eta hori da, nire ustez, irratiaren magia. Krisi momentuetan nabarmenagoa dena, jendeak gertuago sentitzen gaitu.

Garai hauetan entzule gehiago, eta, aldiz, diru-sarrera gutxiago…

Publizitatea izugarri jaitsi da. Irratian ezin dute aldi baterako lan espedientea eskatu jendea behar dutelako lanean; azken finean, gure lana ez da aldatu. Baina, noski, publizitateak behera egin du. Egoera hau luzatzen bada, denok dakigu zeozer gertatuko dela. Izan daitezke murrizketak? Izan daitezke kaleratzeak?... Ikusiko dugu. Ezin dut programa egin hori buruan badut, beraz, gero gerokoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago