Espainiako Lan Ministerioak langabeziaren martxoko datuak argitaratu ditu, eta koronabirusaren ondorio ekonomikoak azaleratu dira: 2.109 langabe gehiago daude Araban; hau da, %10,91ko hazkundea eman da, eta guztira 21.448 langabe daude herrialdean.
Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren ustez, gorakadak lotura zuzena du osasun krisiaren ondorioz jarduera bertan behera utzi duten sektoreetan aldi baterako kontratuak ez berritzearekin. Hala, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta janarien zein edarien banaketa izan dira sektorerik kaltetuenak.
Halaber, langabeziak behera egin du laguntza zerbitzuetan; izan ere, langile gehiago kontratatu dira egoitzetan, Lanbidek emandako informazioaren arabera.
Sindikatuen balorazioek osasun krisiaz harago doazen arrazoietara jo dute: "Datuek enplegu prekarioaren ezegonkortasuna agerian utzi dute", adierazi du LAB sindikatuak. Bestalde, ELA sindikatuak "neurri sozialak" hartu behar direla defendatu du, "kaltetutako langileak defendatzeko".
Gainera, aldi baterako 2.998 lan erregulazio espediente (ABLEE) aurkeztu dira Araban, 29.287 langileri eragiten dietenak; azken hauek ez dira kontuan hartzen langabeziaren datu ofizialetan.