Koronabirusa

Trebiñuko 30 kasuekin, dagoeneko 2.377 positibo daude Araban

Erredakzioa 2020ko api. 2a, 13:47

Gaztela eta Leongo Osasun Sailak eskaintzen ditu Trebiñuko datuak. / ALEA

97 kasu positibo gehiago antzeman dituzte Araban, eta 18 pertsona gehiago hil dira. Osakidetzaren datu ofizialez gain, Trebiñuko kasuak jasotzen hasi gara ALEAn: guztira, 2.377 kasu positibo daude gure herrialdean.

Dagoeneko 167 hildako eragin ditu koronabirusak Araban -18 gehiago azken orduetan-, eta, guztira, 2.377 kasu positibo daude gure herrialdean; Arabako Lurralde Historikoan Osakidetzak antzemandako 2.347 kasuak eta Trebiñuko 30ak ere kontuan hartu ditugu.

Ospitaleratzeen datuak baikorragoak dira, halere: une honetan 318 pertsona ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean -29‬ gutxiago-, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 284 daude solairuetan -27 gutxiago- eta 34 ZIUn -2 gutxiago-.

Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 23 lagun artatzen ari dira. Guztira, beraz, 341 pertsona daude koronabirusaren ondorioz ingresatuta Arabako ospitaletan.

Modu honetan, Arabako ospitaleratzeen datuen joera baikorra konfirmatzen da. Izan ere, 61 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste 4 pertsona atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.

Koronabirusaren datuen bilakaera Araban, apirilaren 2ra arte. / ALEA

 

Test kopuruaren arabera

Covid-19 positibo berrien kopurua eta datuen bilakaera aztertzerakoan, kontuan hartu behar dugu ere egun bakoitzean egindako test kopurua. Aste honetako datuei dagokionez:

  • Martxoaren 30ean, astelehenean: 154‬ test egin ziren; horietatik, 56 positibo (%36,4) eta 98 negatibo (%63,6).
  • Martxoaren 31n, asteartean: 390‬ test egin ziren; horietatik, 145 positibo (%37,2) eta 245 negatibo (%62,8).
  • Apirilaren 1ean, asteazkenean (gaurko txostena): 318‬ test egin ziren; horietatik, 98 positibo (%30,8) eta 220 negatibo (%69,2).

Beraz, joera aldaketa testuinguruan ulertu behar dugu: testak egiterakoan, gero eta negatibo gehiago daude positiboak baino. Zentzu horretan, gaur ezagutu ditugun datuak aste osoko onenak dira.

Kutsatze-tasaren bilakaera Gasteizen, zonaldearen arabera. / Asier Otxoa de Retana

 

Arabako positiboak herriz herri

Koronabirusak Arabako udalerrietan eragindako kasu positiboen datuak ere jaso ditugu, herriz herri:

  • Gasteiz: 1.955.
  • Laudio: 68.
  • Amurrio: 36.
  • Bastida: 23.
  • Agurain: 21.
  • Iruña Oka: 15.
  • Oion: 14.
  • Kanpezu: 12.
  • Zigoitia: 12.
  • Zuia: 11.
  • Aiara: 10.
  • Samaniego: 9.
  • Artziniega: 7.
  • Dulantzi: 8.
  • Barrundia: 5.
  • Bernedo: 5.
  • Lantaron: 5.
  • Legutio: 5.
  • Arratzua-Ubarrundia: 4.
  • Iruraiz-Gauna: 4.
  • Okondo: 4.
  • Urkabustaiz: 4.
  • Donemiliaga: 3.
  • Eltziego: 3.
  • Erriberabeitia: 3.
  • Erriberagoitia: 3.
  • Iekora: 3.
  • Aramaio: 2.
  • Burgu: 2.
  • Gaubea: 2.
  • Guardia: 2.
  • Zanbrana: 2.
  • Armiñon: 1.
  • Arraia-Maeztu: 1.
  • Asparrena: 1.
  • Berantevilla: 1.
  • Bilar: 1.
  • Eskuernaga: 1.
  • Lapuebla de Labarca: 1
  • Mañueta: 1.
  • Moreda Araba: 1.
  • Zalduondo: 1.

Bestalde, datuak zonaldeka eskaintzen hasi da Gaztela eta Leongo Osasun Saila, eta Trebiñun 30 kasu positibo daudela jakin dugu.

Goranzko joera hausteko, lehen pausuak

Positibo berri gehiago eta heriotza gehiago zenbatu dituzte azken egunotan lurraldean, baina joera aldaketa bat nabarmendu daiteke datuetan; konfinamenduaren emaitzak ikusten hasi dira, eta baieztatutako kasu berrien kopurua egonkortzen hasi da.

Egutegian apirila beste kolore argiago batekin margotzen hasteko aukera izan daiteke. Itxaropen printzak ageri dira bidean. Zuhurtziaz hartu dituzte datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko arduradunek, baina beheranzko joera nabaritzen hasi da.

Koronabirus positiboen kopuruak behera egiten badu, martxoaren 30ean bezala duela bi asteko kopuruetara jaitsiz, egoerari buelta ematen hasteko lehendabiziko pausoak izango lirateke. "Azken egunetako sekuentzia ikusita, eta egindako test kopuru handia kontuan hartuta, egonkortze fase batean egon gaitezkeela dirudi", azaldu zuen Nekane Murga sailburuak astearteko prentsaurrekoan.

Hildako kopuruak, ordea, gora egin du -beharbada gaixotasunaren garapenaren ondorioz-, eta arrasto beltza uzten ari da Araban.

Bitartean, konfinamenduak emaitza baikorrak eragin ditu ospitaleratzeen kopuruan, eta, datuak ondo bidean, Aste Santuko oporren ostean espero dira aldaketa nabarmenenak.

Txinan egin duten moduan, era mailakatu batean berriz ere ohiko egunerokora bueltatzen hasteko egunak izan daitezke horiek, administrazioetako arduradunek esan duten moduan. Italiako ereduari jarraituta, haurrak eta nerabeak izan daitezke kalera ateratzen lehenak, baldintzekin, betiere datuek erakutsitako joera mantentzen badute.

Bien bitartean, ikerketak bere bidea jarraitu eta aurrerapausoak ikus daitezke gutxinaka. Osakidetzako ospitaleetan hidroxiklorokina izeneko medikamentu batekin ari dira lanean, malariaren kontra ere erabili izan duten botikarekin.

Itxaropentsu agertu dira, baita ere, sendatu diren gaixoen plasmak eman ditzakeen fruituekin; beste gaixotasun batzuetan ere erabili izan da, ebolari aurre egiteko tartean, eta, oraindik ziurtatzeke badago ere, gaixotasunaren lehen faseetan ekar ditzake emaitzak.

Bateko eta besteko, beraz, hasi dira epidemia mozteko lehendabiziko zantzuak ikusten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago