Larunbatean, apirilaren 4an, 12:00etatik aurrera, Baratza aretoak dituen sare sozialek (Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube) hainbat artista, programatzaile eta kritikariri egindako elkarrizketak zabalduko dituzte. "Euskal arte eszenikoen lengoaiak eta hizkuntzak" topaketaren esparruan izango da, eta ekimenak euskal sorkuntza eszenikoaren egungo egoerari buruzko hainbat iritzi jarri nahi ditu mahai gainean, antolatzaileek azaldu duten moduan: audientzien inguruko lana (parte-hartze maila, estimulazio-estrategiak, etab.), euskal sorkuntza babesteko dauden edota beharrezkoak diren politika publikoak... Elkarrizketek, halaber, artistek euskaraz sortzera eramaten dituzten motibazio nagusiak, sorkuntza horien berezitasunak edo lan honen jarraipena bermatzeko premiazkoak diren gaiak jorratuko dituzte.
Agus Perez antzerki kritikariak eta Jon Ander Urresti, Iñaki Ziarrusta, Maryse Urruty eta Eneritz Artetxe artistek hartuko dute parte, besteak beste, Zurrunbilo Jaialdiaren barruan antolatutako ekimen honetan. COVID – 19aren krisiaren ondorioz eta beste kultur eragile askori gertatu zaien bezala, gainerako programazio osoa atzeratu behar izan da. "Zurrunbilo Jaialdiaren V. ediziorako aurreikusita genuen programa berdin mantenduko da, eta azaroaren amaieran gozatu ahal izango dugu, baina iruditzen zitzaigun topaketa mantendu ahal zela eta sare sozialetan interesa eta euskarazko sorkuntza eszenikoarekiko jakin-mina duten pertsonekin hitz egiteko aukera gisa hartuko genuela", adierazi dute Baratzatik.
Hala, larunbat osoan zehar, interesa duen edonork bere iritziak partekatzeko aukera izango du bideoetan jorratutako gaien inguruan. "Larunbateko lehen esperientzia honetatik abiatuta, konfinamendu egoera honek irauten duen egunetan elkarrizketei jarraipena eman ahal izatea da asmoa. Lantzen diren gaien eta parte-hartzaileen nahien arabera, elkarrizketa-talde txikiagoak eratuko ditugu, baita bi pertsonen artean ere, eta dagoeneko zuzeneko online konexioan, interes handiena pizten duten alderdietan sakondu ahal izateko ".
Ekimen honen inguruan sortutako edukiak #zurrunbilotopaketa2020 traolarekin etiketatuko dira.