Koronabirusa

Denak ez du balio

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista 2020ko api. 3a, 06:00

Frantzia kalea hutsik. ALEA

Testuinguru honetan, osasunak duen izaera politikoa ekarri nahi genuke eztabaidara. Izan ere, birusaren kontuarekin hedatzen ari den osasunaren ikuspegiak gaixotasunik eza defendatzen du, eta horren kontrako "guda" batean sartuak omen gaude denak.

Covid-19aren agerpenaren aurrean bizitzen ari garen egoeraren inguruan sortzen zaizkigun hainbat kezka, iritzi eta galdera plazaratu nahi ditugu. Berrogeialdi honek eta aurretik ere honen inguruan egunero entzundakoak eragiten ari diren hainbat ondorio kontuan hartuta, Bilgune Feministako Osatze Lan Taldetik gure ikuskera partekatu nahi dugu, nagusitu den diskurtsoa zalantzan jartzeko asmoz eta egoeraren inguruko beste begirada batzuk zabaltzeko lagungarria izango delakoan.

"Osasuna" eta "bizitza" hizpide dira, uneoro, lagunartean, etxean, sare sozialetan, komunikabideetan edo politikarien ahotan. Birusaren transmisioa eteteko neurri latzak hartu dira, pertsonon ongizatean eta osasunean eragin dezaketenak  (bakartzeak, sedentarismoa, antsietateak, zaintza eta doluetarako ezintasunak). Baina aldi berean, elkarzaintzeko beharra aldarrikatu eta horretarako sareak sortu dituzten alternatiba herritarrak ere sortu dira: auzolaguntza sareak, askotariko doako formakuntza eskaintzak...

"Fokua osasunean jarri beharrean, beste nonbaiten jarri da, alegia, beldurrean, kontrolean edota forma askotako murrizketetan"

Testuinguru honetan, osasunak duen izaera politikoa ekarri nahi genuke eztabaidara. Izan ere, birusaren kontuarekin hedatzen ari den osasunaren ikuspegiak gaixotasunik eza defendatzen du, eta horren kontrako "guda" batean sartuak omen gaude denak. Birusa kanpotik (beste herrialde batetik eta gure gorputzetik kanpo) datorren "etsaimoduan azaltzen zaigu, eta hortik abiatzen da esku-hartze guztia. Horrela, fokua osasunean jarri beharrean, beste nonbaiten jarri da, alegia, beldurrean, kontrolean edota forma askotako murrizketetan.

Baina koronabirusaren aurrean, denak ez du balio. Gehiago hitz egin beharko genuke gure gorputzez, gure lurraldeez eta gure bizi ereduez. Eta galdetu beharko genuke nola eragiten diguten, besteak beste, prekarietateak, bizi erritmo azkarrak, burujabetzaren galerak, indarkeriak, estresak, elikadura prozesatuak eta transgenikoak, aire kutsadurak, gorputz-kanonak, adierazi gabeko minak, produkzioan zentratutako sistemak, zerbitzuen pribatizaioak, elkar-konparaketak eta autoexijentziak, besteekiko juizioak… Horrek guztiak galarazten baitigu osasuna modu integral batean garatzea, eta ondorioz, birus edo bestelako patogeno batzuen aurrean ahultzen gara.

Osasuna osotasunarekin lotzen dugu, ongizate fisikoa, emozionala, mentala eta sozialarekin, hain zuzen ere, gure bizitzak eta bizi proiektuak aurrera eramateko gaitasunak eta aukerak izatearekin. Horregatik, uste dugu ez dela lagungarria histeria kolektiboaren zabalpena. Bizitzen ari garen alerta egoera honek gure gorputzak desgaitzea-boteregabetzea eragiten digu. Ikara sartu da gure gorputzetan eta honela itsu-itsuan ari gara boterea delegatzen: adituengan, politikariengan, eta, baita poliziarengan ere.  Erantzukizuna pertsonalizatzearen eta erruaren bidez, norbanakoaren bizkar jartzen ari da ardura osoa: "Kasu! kalera ateratzen bazara jendea kutsatu eta hilko duzu!", "salatu ezazu bizilaguna!".

"Krisi egoera honek, aspalditik zetozen bestelako zaintza eta ongizate krisi bat azaleratu du eta guk gure erantzunkizunak hartu nahi ditugu, dagozkigunak, ez gehiago eta ez gutxiago"

Modu horretan, mekanismo errepresiboen konplize bihurtu gaituzte, instituzio eta eliteen ardurak deuseztatzen ari diren bitartean. Egunotan indar polizialak hedatu dituzte herri, hiri eta errepideetan, baita mugak militarizatu ere. Ezjakintasuna zabaldu da, eta errepresioaren gorakada jendarteak bizi duen zaurgarritasunari erantzuteko formula bakartzat hartu da. Zigorrekin ez bestela ezin omen dugu zentzuz jokatu, elkartasunez aritu edo arduratsuak izan. Baina jakin badakigu haien presentziak "shock"-aren doktrina eta kontrola areagotzea besterik ez dakarrela.

Krisi egoera honek aspalditik zetozen bestelako zaintza eta ongizate krisi bat azaleratu du, eta guk gure erantzukizunak hartu nahi ditugu, dagozkigunak, ez gehiago eta ez gutxiago. Ez gaitzatela inozoak bezala tratatu. Hartutako neurrien proportzionaltasuna zalantzagarria dela deritzogu, alarmaren bidez zabaldu baita kontraesanez betetako informazioa. Esaterako, iaz, 2019an, Espainiako estatuan 270.000 minbizi kasu antzeman ziren, eta horietatik 53.000 hil ziren. 525.300 gripe kasu antzeman ziren iaz, eta 6.300 lagun hil ziren gripearekin eta 10.000 lagun neumoniarekin, beste milaka eta milaka heriotzak ez aipatzearren (Karmelo Bizkarra Maiztegik emandako datuak). Azalpenak eta gardentasuna zor zaizkigu, erantzukizun publikoak diren heinean.

"Oraindik ere, egoera hau luzatuko dela aurreikusiz, proportzioz, zentzuz, lasaitasunez jokatzea eskatzen dugu eta pertsonen beharrak kontuan izango dituzten politikak aplikatzea"

Konturatu orduko etxeko espetxealdietan sartu gara. Baina ez denak, gogoan izan nahi ditugu etxean geratu ezinik, bereziki, herritarrak zaintzen ari diren zaintzaileak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, garbitzaileak… gehienak emakumeak, eta sektore prekarizatuetakoak. Oraindik ere, egoera hau luzatuko dela aurreikusiz, proportzioz, zentzuz, lasaitasunez jokatzea eskatzen dugu eta pertsonen beharrak kontuan izango dituzten politikak aplikatzea, isolamenduari eta horren ondorioei aurre egiteko neurriekin.

Gure osasunaren izenean, ez gaitzatela gehiago prekarizatu, gehiago indibidualizatu, askotariko indarkerien aurrean bakartu, gure eskubideak murriztu, soldata gabe utzi edota etxekoen zaintza guztien arduradun bilakatu. Osasuna birusaren aurka joatea baino askoz gehiago delako, baliatu nahiko genuke geldialdi hau arnasteko, naturari birsortzeko aukera emateko, gure egunerokoaz hausrnartzeko eta bizitza bizigarriagoak irudikatzeko.  Eta hori amaitzean, krisialdiak  osasunean, burujabetzaren galeran edota ekonomian ekarriko dituen ondorioen eta sortuko dituen aukera berrien aurrean, bilatu dezagun bidea gertu egoteko, elkar zaintzeko sareak josteko eta bizitzak erdigunean jartzeko. Bidea egiten badakigu.

Bilgune Feminista.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago