Eskulana

Bozgorailua

Erredakzioa 2020ko api. 2a, 12:27

Oihu egitean, ahots-kordek min har dezakete; oihurik egin gabe ozen entzun diezazuten, beraz, bozgorailu arrunt bat egin dezakezu etxean dituzun gauzekin.

Materiala:

  • 5 litroko ur-botila bat
  • 1,5 litroko ur-botila bat
  • Lastotxo bat
  • Plastilina pixka bat

Nola egin? 

  1. Guraizeez bi botilak moztu; ipurdia kenduta nahikoa da.
  2. Haien tapoietan, zulo bana egin behar duzu. Tresnarik egokiena zulagailu elektrikoa da, baina, horrelakorik ez baduzu, saia zaitezke zuloa puntua egiteko orratzekin egiten; haien punta berotuz, errazago zulatuko dituzu plastikozko tapoiak. Edozein kasutan, zulagailu elektrikoa ala orratza erabili, heldu baten laguntza beharko duzu. Zuloak ez du izan behar lastotxoaren diametroa baino handiagoa!
  3. Sartu lastotxoaren mutur bat tapoi batean, eta beste muturra beste tapoian. Zigilatu plastilinaz.
  4. Itxi bi botilak, eta kito! Prest duzu bozgorailua nahi duzuna lau haizetara zabaltzeko.

Nola funtzionatzen du?

Botila txikian zerbait esan, eta soinuaren uhinek lastotxoan zehar bidaiatzen dute, botila handiraino. Botila handiak anplifikatu egiten du soinua, eta ozenago ateratzen da.

 

Heldu baten laguntza izatea gomendagarria da.

Bizilabe gazteentzako zientzia-bizipenen labearen eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago