Adinekoak dira gehien kolpatu dituenak gaitzak, baina fokua soilik eurengan jartzeak desitxuratu dezake argazkia: koronabirusak gazteei eragiten ez diela pentsatzeak ekarri du asintomatikoek beste pertsona batzuk ere kutsatzea.
Covid-19aren izurria argitzen
Elhuyarrek Covid-19aren izurria argitzen izenburupeko bederatzi bideo-pilula zabalduko ditu egunero, ALEAn eta euskarazko 30 hedabide baino gehiagotan; koronabirusaren inguruko argibideak emateko helburua du Elhuyar Zientziako lantaldeak.
Elhuyarreko kide Ana Galarraga Aiestaranek hainbat gai landuko ditu minutu bateko bideoetan: besteak beste, birusaren jatorria, komunitate zientifikoaren ahalegina, adinaren araberako eragina, emakumeen zaurgarritasuna edota tratamenduak izango ditu hizpide.
Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus atarian zabalduko dute edukia, eta horrez gain, euskarazko 30 hedabide baino gehiagotan ere hedatuko da edukia, webgune, telebista eta irrati emisioen bitartez.
Koronabirusak sortu duen egoera honetan, herritarrei "euskarazko informazio irizpidedun eta kalitatezkoa" ematea ezinbestekoa da Elhuyarren ustez, eta euskarazko komunikabideekin elkarlana sendotu nahi izan du, "lan horrek hedadura handiagoa izan dezan". Modu honetan, edukia "guztion eskura" jarri du Elhuyarrek.