Dagoeneko 149 hildako eragin ditu koronabirusak Araban -16 gehiago azken orduetan-, eta, guztira, 2.250 kasu positibo antzeman ditu Osakidetzak gure herrialdean, Trebiñuko 28 kasuak kontuan hartu gabe.
Ospitaleratzeen datuak baikorragoak dira, halere: une honetan 369 pertsona ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean -10 gutxiago-, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 311 daude solairuetan -18 gutxiago- eta 36 ZIUn -3 gutxiago-. Gainera, azken txostenean, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 22 lagun artatzen ari direla jakin dugu.
Izan ere, 57 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste 4 pertsona atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
Birusaren inkubazio epea hamabost egunekoa da, eta konfinamenduaren emaitzak aste honetan nabaritzen hasi dira. Epe hori beteta, kasu positiboen hazkunde esponentziala moteldu da astelehenetik, gorabeherak egongo diren arren.
Baliteke hemendik aurrera kasu berrien hazkundea moteltzen joatea, baina hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzea, gaixotasunaren ondorioak garatzen diren neurrian.
Kasu positiboak gora doaz (baita hildakoen kopurua ere), eta arazoak egongo dira hainbat arlotan: alde batetik, ospitaleak gainezkatzeko arriskuak bertan dirau, nahiz eta hori ekiditeko neurriak hartu diren, besteak beste, ZIU berria eta kanpo kontsulten eraikina gaituz.
Bestalde, osasun langileen arteko kutsatzeen areagotzeak egoera kaltetuko du. Izan ere, EAEn kutsatutako sei pertsonatik bat osasun arloko langilea da.
Test kopuruaren arabera
Covid-19 positibo berrien kopurua eta datuen bilakaera aztertzerakoan, kontuan hartu behar dugu ere egun bakoitzean egindako test kopurua. Adibidez, atzoko datuetan joera aldaketa ematen ari zela zirudien, kasu positibo berri gutxi egon zirelako, 56; baina egia da astelehenean 157 test egin zirela, oso gutxi beste egunekin konparatuta.
Gaur argitaratutako datuei dagokionez -145 kasu positibo berri-, ordea, kontuan hartu behar dugu asteartean 392 test egin direla. Proportzionalki, astelehenean proba egindakoen %36,7ak eman zuen positibo; asteartean -gaurko datuei dagokiona-, berriz, %36,9ak. Atzoko eta gaurko datuak oso antzekoak dira.
Beraz, joera aldaketa testuinguruan ulertu behar dugu: testak egiterakoan, gero eta negatibo gehiago daude positiboak baino.
Arabako positiboak herriz herri
Koronabirusak Arabako udalerrietan eragindako kasu positiboen datuak ere jaso ditugu, herriz herri:
- Gasteiz: 1.838.
- Laudio: 62.
- Amurrio: 34.
- Bastida: 22.
- Agurain: 16.
- Iruña Oka: 15.
- Oion: 13.
- Kanpezu: 12.
- Zigoitia: 12.
- Aiara: 10.
- Zuia: 10.
- Artziniega: 7.
- Dulantzi: 7.
- Samaniego: 7.
- Barrundia: 5.
- Lantaron: 5.
- Legutio: 5.
- Arratzua-Ubarrundia: 4.
- Bernedo: 4.
- Iruraiz-Gauna: 4.
- Okondo: 4.
- Urkabustaiz: 4.
- Donemiliaga: 3.
- Erriberabeitia: 3.
- Aramaio: 2.
- Burgu: 2.
- Erriberagoitia: 2.
- Guardia: 2.
- Iekora: 2.
- Armiñon: 1.
- Arraia-Maeztu: 1.
- Asparrena: 1.
- Berantevilla: 1.
- Bilar: 1.
- Eltziego: 1.
- Eskuernaga: 1.
- Gaubea: 1.
- Lapuebla de Labarca: 1
- Mañueta: 1.
- Zanbrana: 1.
Bestalde, datuak zonaldeka eskaintzen hasi da Gaztela eta Leongo Osasun Saila, eta Trebiñun 28 kasu positibo daudela jakin dugu.