"Arabak interpretazio malgua behar du, gure ekonomia koma egoerara eramango duen industria itxiera masiborik gerta ez dadin", adierazi du astearte goizean Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, 10/2020 Errege Dekretuari buruz. Proposamena "polemikarik gabe, liskarrik gabe, milaka pertsonen bizi proiektuak defendatzeko" egiten duela azaldu du ahaldun nagusiak.
Industria Arabako indargune nagusia dela azpimarratu du Gonzalezek, eta pertsonen osasuna "lehenengo gauza" dela onartu arren, dekretua hobetzea proposatu du, enpresek erabat itxi ez dezaten. Zentzu horretan, "neurri malguagoak" hartzea eskatu du.
Laguntza guztiak webgune batean
Bestalde, ETEentzako zein autonomoentzako laguntzak jasotzen dituen webgune berria martxan jarriko du Aldundiak, apirilaren 1etik aurrera. Aldundiak lurraldeko eragile ekonomiko nagusiekin lankidetzan abiatu du egitasmoa: Merkataritza Ganbera, SEA, UAGA, Aenkomer eta Elkargo.
Helburua administrazioek gaitutako neurri ekonomiko guztietarako sarbidea erraztea eta kudeaketa telematikoa ahalbidetzea izango da, eta informazio "egituratua eta zehatza" eskainiko duela azaldu du Ramiro Gonzalezek.
Horrez gain, aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzu bat eskainiko dute.
Lan presentziala murriztu
Arabako Foru Aldundiko Gobernua "errendimendu betean" dagoela adierazi du Ramiro Gonzalezek; izan ere, sail guztiak ari dira lanean.
Halere, Foru Aldundiak plantillaren %10era murriztu du lan presentziala. Espainiako Gobernuaren Dekretuaren arabera, funtsezko 186 lanpostu identifikatu dituzte, eta horietatik erdiak baino gehiagok telelanaren bidez betetzen ditu bere funtzioak.
Hortaz, 997 langileetatik bakarrik 86 ari dira presentzialki lanean; beste 738 langile telelana baliatzen ari dira, eta beste 123k baimen berezia dute, beraien ardurapean adingabeak edota menpekotasuna duten pertsonak dituztelako. Gainontzekoak bajan daudela azaldu du Aldundiak.
Pedro Sanchezen dekretuaren arabera, bere eskumeneko obra publiko guztiak geldiarazi ditu Aldundiak.