Osagaiak:
- Kg erdia tipula, zerrendetan moztua
- baratxuri ale bat, xehatua
- Koilarakada bat gurin
- 2 koilarakada oliba olio
- Koilarakada apal bat irin
- Litro bat haragi-salda, mamitsua izan dadila (haragi-salda pastilla batez azkar dezakegu)
- 8 xerra lodi ogi, baratxuritan igurtziak
- 4 eskukada handi gazta birrindu, Gruyère edo Idiazabal berria
- Gatza eta piperra
Errezeta:
Kazola oso zabal batean ipiniko ditugu tipulak, baratxuria, gurina, olioa eta gatz pixka bat. Su ezti-eztian eta biraka erabiliko ditugu gaiak etengabe, barazkiak kolorerik hartu gabe xamur dakizkigun. Kazola tapatu eta, adi gaudela betiere, horrela edukiko dugu jakia 45 minutuan, bira batzuk eraginez tarteka.
Epe horren ostean erantsiko dugu irina: ontzen utziko dugu beste 5 minutuan, bira eta bira, kazolak hel ez diezaion. Haragi salda beroa isuriko dugu ondoren, pastilla batez azkartua hala behar badu (ura baino ez badugu erabili, handiagoa izango da pastillaren neurria). Gatz-pipertu eta kazola tapatu gabe utziko dugu guztia irakiten, su eztian halere, 30 bat minutuan. Zuzendu egingo dugu gatza puntua, hala behar badu.
Bi aukera ditugu une honetan. Edo guztia zopa-ontzi handi bakar batera irauli, edo banako lau ontzi txikitan banatu (250 bat cl. ontzi bakoitzak). Zuena da aukera. Labearen berotasunari eutsiko dioten zopa-ontziak izan behar dute nolanahi ere.
Zoparen gainean, baratxuritan igurtzitako ogi xerrak jarri eta gazta birrindua hautseztatuko dugu. Labean bukatu dugu zoparen egosaldia, 200º-tan. Azal gainerre bat itxuratuko zaigu gainaldean eta, beroaren poderioz, ongi bustiko zaizkigu ogi xerrak zopatan. Berehala zerbitza dezagun.
Sukaldean webgunearen eskutik.