Bideojokoak

Alaves taldearen alde jokatu nahi duzu FIFA20 Euskal Ligan?

Erredakzioa 2020ko mar. 30a, 17:52
Euskal Liga antolatu dute FIFA20 bideojokoan. / GAME ERAUNTSIA

Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko Gu ere bai! egitasmoak eta Game Erauntsia euskal bideojokozaleen komunitateak Euskal Liga antolatu dute FIFA20 bideojokoan. Tartean, Alavesen alde jokatuko duten parte hartzaileak behar dituzte.

Indarrak bildu dituzte Gu ere bai! ekimen herritarrak eta Game Erauntsia elkarteak FIFA20 Euskal Liga sortzeko. Online txapelketa apirilaren lehenengo bi asteetan zehar izango da.

Soilik bost futbol talde egongo dira Euskal Ligan: Alaves, Athletic Club, Eibar, Real Sociedad eta Osasunaren gizonezkoen plantillak; izan ere, azaldu dutenez, Electronic Arts enpresaren bideojoko honek ez ditu emakumezko taldeak eskaintzen, selekzioak salbu.

Helburu nagusia bideojokozaleen komunitateak euskal selekzioak "etxetik" aldarrikatzea izango da. "Covid-19ak gure gizartean sortutako egoerak euskal selekzioaren aldeko ekintzak online izatera behartu gaitu", adierazi dute egitasmoaren antolatzaileek.

 

Izen ematea eta hiru faseak

PlayStation 4 plataformaren bitartez jokatuko da txapelketa, eta FIFA20 bideojokoa eta interneteko konexioa beharko dituzte parte hartzaileek. Gainera, parte hartu ahal izateko Game Erantsian izena eman beharko dute.

Behin euskal bideojokozaleen webgunean izena emanda, txapelketan izen eman behar dute parte hartu nahi dutenek. Guztira bost txapelketa daude -euskal talde bakoitzeko bat-, eta jokalari bakoitzak txapelketa bakarrean parte hartu ahal izango du:

Lehiaketak hiru fase izango dituela azaldu dute antolatzaileek. Lehenengo fasean, apirilak 1etik 5era, taldeko txanda garatuko da, lehiakide kopuru mugagabearekin.

Ondoren, lehenengo fasearen bost irabazleek ligaxka bat jokatuko dute apirilaren 6tik 10era, eta lehenengo laurak pasako dira finalerdietara.

Finalerdiak apirilaren 11n jokatuko dira, eta finala, azkenik, apirilaren 12an, Aberri Egunarekin kointzidituz.

Finala eta finalerdiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Hamaika telebistan eta twitch.tv/guerebai kanaletik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide