Dagoeneko 123 hildako eragin ditu koronabirusak Araban -8 gehiago azken orduetan-, eta, guztira, 2.049 kasu positibo antzeman ditu Osakidetzak gure herrialdean.
Une honetan, 376 pertsona ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 333 daude solairuetan eta 41 ZIUn.
Bitartean, datu baikorragoei erreparatuz, 24 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste pertsona bat atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
Birusaren inkubazio epea hamabost egunekoa da, eta konfinamenduaren emaitzak aste honetan nabaritzen hasiko direla aurreikusten da. Epe hori beteta, kasu positiboen hazkunde esponentziala moteldu da astelehenean; hau da, baliteke gaurtik aurrera egunero kasu berri gutxiago baieztatzen hastea. Baina horrek ez du esan nahi koronabirusaren hedatzea geldituko denik.
Kasu positiboak gora doaz (baita hildakoen kopurua ere), eta aste honetan arazoak egongo dira hainbat arlotan: alde batetik, ospitaleak gainezkatzeko arriskuak bertan dirau; bestalde, osasun langileen arteko kutsatzeen areagotzeak egoera kaltetuko du. Izan ere, EAEn kutsatutako sei pertsonatik bat osasun arloko langilea da.
Arabako positiboak herriz herri
Koronabirusak Arabako udalerrietan eragindako kasu positiboen datuak ere jaso ditugu, herriz herri:
- Gasteiz: 1.686.
- Laudio: 57.
- Amurrio: 34.
- Bastida: 21.
- Iruña Oka: 14.
- Agurain: 13.
- Kanpezu: 12.
- Zigoitia: 12.
- Aiara: 9.
- Artziniega: 7.
- Oion: 9.
- Zuia: 8.
- Dulantzi: 7.
- Samaniego: 6.
- Lantaron: 5.
- Legutio: 5.
- Bernedo: 4.
- Okondo: 4.
- Urkabustaiz: 4.
- Arratzua-Ubarrundia: 3.
- Barrundia: 3.
- Donemiliaga: 3.
- Burgu: 2.
- Erriberabeitia: 2.
- Erriberagoitia: 2.
- Guardia: 2.
- Iruraiz-Gauna: 2.
- Aramaio: 1.
- Arraia-Maeztu: 1.
- Asparrena: 1.
- Berantevilla: 1.
- Bilar: 1.
- Eltziego: 1.
- Eskuernaga: 1.
- Gaubea: 1.
- Iekora: 1.
- Lapuebla de Labarca: 1
- Mañueta: 1.
- Zanbrana: 1.
39 hildako egoitzetan
Aldundiak baieztatutako azken datuen arabera, Covid-19aren krisia hasi zenetik, guztira, 39 pertsona hil dira Arabako adinekoen egoitzetan. Horietatik zazpi foru egoitzetan bizi ziren, beste bi lurraldeko udal ekipamenduetan, eta gainontzekoak egoitza pribatuetan.
Egoitza pribatuetan hildako 30 lagunetatik, 18 ziren San Martin auzoko Sanitas egoitzako egoiliarrak; izan ere, krisia hasi zenetik kolpatuena izan da egoitza hau.
Halaber, Arabako egoitza publiko zein pribatuetan, orotara, 212 kasu positibo baieztatu dituzte: horietako 134 Araban dauden 86 zentro pribatuen erabiltzaileak dira; beste 72, berriz, foru egoitzetan bizi dira; eta beste 6 lurraldeko udal-ekipamenduetan.
Atxilotu bat konfinamendua ez betetzeagatik
Gasteizko Udaltzaingoak 21 urteko gazte bat atxilotu zuen igandean, konfinamendu neurriak urratzeagatik. Patruila batek Ali herriko elizaren ondoan aurkitu zuen, porro bat erretzen. Polizia ikustean ihes egin zuen gazteak; handik gutxira, atxilotu eta Agirrelandako komisaldegira eraman zuten. Guardiako Epaitegian beharrezko eginbideak egin ondoren, aske gelditu zen.
Horrez gain, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen esku hartzeen datuak eguneratu ditu Segurtasun Sailak. Martxoaren 16tik 29ra bitartean, poliziaren 1.338 salaketa egin dira Araban: horietatik, 684 izan dira Udaltzaingoarenak, eta beste 654 Ertzaintzarenak.
Astelehenean zehar, lehenengo jakinarazpenak bidaliko dituzte orain arte zehatutako pertsonen etxeetara.
Osasun langileen mezua: Ez gaitu inork geldituko
Txagorritxuko Larrialdi zerbitzuetako profesionalek Urtz taldearen 'Ez gaitu inork geldituko' abestia baliatu dute Arabako ESIk eta Osakidetzak argitaratu duen bideo batean. Modu honetan, itxaropen mezu bat helarazi nahi izan diote jendarteari: