Funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa geldiaraziko duela iragarri zuen Pedro Sanchezek larunbatean. Neurri hori apirilaren 9ra arte luzatuko da gutxienez, eta "baimen ordaindu berreskuragarria" izango dute langileek.
Euskal patronalak erabakia arbuiatu du, eta Eusko Jaurlaritzak ere Espainiako Gobernuaren neurria kritikatu du. Arabako enpresarien SEA elkarteak ohartarazi du "kalte handia" eragingo diola herrialdearen susperraldi ekonomikoari, behin osasun-krisia gaindituta ere. Behin-behineko geldialdiak Araba "urteetan kondenatuko" duela uste dute enpresaburuek.
Funtsezko sektoreen zerrenda igande gauerdian argitaratu zen, eta, ondorioz, egun bateko epea utzi du gobernuak jarduera astelehenean bertan geldiarazi ezin zuten kasuetan.
Martxoaren 27an, gure lurraldeko enpresen %54ak jarduera erabat gelditu zuen, eta Arabako industrialdeetako jarduera %90eraino jaitsi da.
Astelehena iritsi da gaur, eta ziurgabetasunak markatu du jardunaldia. Telelanarekin funtzionatzen duten enpresetan normal jarraituko du jarduerak, baina zalantza gehiago daude beste arlo batzuetan.
Zeintzuk dira funtsezko jarduerak?
10/2020 Errege Dekretuaren arabera, langile guztiek etxean geratu beharko dute, honako sektore hauetan izan ezik:
- 463/2020 Errege Dekretuaren 10.1, 10.4, 14.4, 16, 17 eta 18. artikuluen arabera garatzen jarraitu behar diren jarduerak.
- Merkatuaren hornikuntza-katean eta premia biziko ondasun eta zerbitzuak ekoizteko zentroen zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzen duten jarduerak.
- Etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten ostalariak eta jatetxeak.
- Ondasunak, zerbitzuak, osasun teknologia, medikuntza materiala, babes ekipamenduak, osasun ekipamendua eta osasun zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bestelako materialak ekoizteko eta banatzeko katea.
- Funtsezko jarduerak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren hornidurak, ekipoak eta materialak eskaintzen dituzten manufaktura industriaren ekoizpen jarduerak.
- Pertsonen eta salgaien garraio-zerbitzuak.
- Espetxe erakundeetako zerbitzuak, babes zibila, itsas salbamendua, salbamendua, suteen prebentzioa eta itzalketa, meatzeen segurtasuna, trafikoa eta bide-segurtasuna.
- Indar armatuen materialaren eta ekipamenduen mantentzea.
- Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak, baita adinekoak, adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edo desgaitasunen bat duten pertsonak artatzen dituzten pertsonak ere. Covid-19ari lotutako enpresak, I+G+B zentroak eta zentro bioteknologikoak.
- Animaliei osasun arreta emateko zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.
- Prentsa saltzeko guneak eta komunikabideak, baita inprimatzea edo banatzea ere.
- Finantza zerbitzuetako enpresak, banku, aseguru eta inbertsio enpresak barne.
- Telekomunikazioak, ikus-entzunezkoak eta funtsezko informatika zerbitzuak.
- Genero indarkeriaren biktimen babesa eta arreta.
- Abokatuak, prokuradoreak, lan harremanetako graduatuak, itzultzaileak, interpreteak eta psikologoak; 463/2020 Errege Dekretuak eten ez dituen jarduketa prozesaletan parte hartzen duten kasuetan.
- Legezko bulegoak eta aholkularitzak, administrazio kudeaketak, gizarte graduatuen kudeaketak, eta lan-arriskuen prebentzioa, premiazko gaietan.
- Notariotzak eta funtsezko zerbitzuak betetzeko erregistroak.
- Hondakinen sektorea: Garbiketa, mantentzea, premiazko matxuren konpontzea eta zaintza zerbitzuak; hondakin arriskutsuak, hiri hondakin solidoak, hondakin uren bilketa eta tratamendua, deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko eta garraiatzeko zerbitzuak.
- Errefuxiatuak hartzeko zentroak eta etorkinen aldi baterako egonaldi zentroak.
- Uraren hornidura, arazketa, eroanbidea, edangarritasuna eta saneamendua.
- Iragarpen eta behaketa zerbitzu meteorologikoak.
- Posta-zerbitzu unibertsala.
- Osasun materialen inportatzea eta hornitzea.
- Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza.
- Funtsezkotzat jo diren beste zerbitzuak.
Akordioa Aernnovan
Aernnovan, 450 langile dituen Berantevillako fabrikan, enpresaren eta langileen batzordearen arteko akordioa erdietsi zen asteburuan, lanera plantillaren heren bat baino ez joateko. Akordioak ekoizpena guztiz etetea aurreikusten zuen klausula batean, gobernuaren erabakien arabera.
Azkenik, bertan behera geratu zen igande gaueko turnoa, baita aste honetako txanda guztiak ere; eta Aernnovako langileak ez dira lanera joan astelehenean.
Mercedes
Mercedesek 5.000 langile baino gehiago enplegatzen ditu zuzenean Gasteizko lantegian, eta aldi baterako lan erregulazio espedientea (ABLEE/ERTE) adostu du langileen batzordearekin, alarma egoerak irauten duen bitartean. Sindikatu guztiek onartu dute akordioa, LAB izan ezik.
Michelin
Gasteizen 3.300 langile dituen Michelinek ere beste astebete luzatu du ekoizpenaren etenaldia, eta lan agintaritzaren oniritziaren zain dago, ezinbesteko kausagatik aurkeztutako ABLEEari dagokionez.
Sidenor
Gasteizko Sidenor lantegian -250 langile inguru-, egutegiak aldatzeko eta jarduera bertan behera uzteko akordioa lortu zuten pasa den astean, eta ekoizpenak Aste Santua igaro arte etenda jarraituko du.
Tubos Reunidos
Amurrioko Tubos Reunidosen -600 langile- ezinbesteko kausagatik aurkeztutako ABLEEa baztertu ondoren, ekoizpen arrazoietan oinarritutako espediente bat adostu zuten, ekoizpena geldiarazteko; oraindik ez da aurkeztu. Siderurgia enpresak langileen batzordearekin egindako akordioa ala Errege Dekretu berria gailentzen den jakiteko zain dago.
Enpresariak "suntsipen masiboaren" beldur
Arabako enpresari gazteak biltzen dituen AJEBASK elkarteak premiazko neurriak eskatu ditu enpresa sarearen "suntsipen masiboa" saihesteko. Arabako enpresetan "itzulerarik gabeko kaltea" saihesten lagunduko duten neurri "sendoak" berehala onartzea exijitu dute enpresariek.
"Ezinbestekoa da, funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztearekin batera, enpresa txiki eta ertainei zein autonomoei laguntzeko beste neurri batzuk hartzea, hala nola autonomoen kuotak eta gizarte kotizazioak etetea", eskatu du Juan Carlos Garcia presidenteak.
Aipatutako neurriez gain, aldi baterako lan erregulazio espedienteetako prozedurak sinplifikatzea eta arintzea eskatu dute.