Koronabirusa

Krisiak eta gu

Asier Etxenike 2020ko mar. 29a, 12:00

Komunitatea askoz aktiboagoa dabil beste krisi batzuetan baino. / Batera

"Agintarien zain egon gabe, ekimen asko jarri dira martxan etxealdiaren lehen astetik"

 

X- Ez dugu erremediorik. Koronabirusa abiadura bizian zabaltzen, konfinamendu agindua eman eta kotxe ilarak mendian.

Y- Bueno, baina Gasteizen bi mila lagunek baino gehiagok eman dute izena Batera Zaintza Sare Herritarrean.

X- Ya, baina aurreko asteburuan Donostiako Paseo Berrian eguzkia hartzen jende andana.

Y- Baina ikusi duzu zein baldintzatan dauden lanean sanitarioak? Atsedenik gabe eta arrisku egoeran ari dira lanean.

X- Eta zuk ikusi dituzu Castro bidean sortu ziren kotxe ilarak?

Y- Baina Mercedes itxi da agintarien agindurik gabe, langileen presioz.

X-  Eta zakur jabeak? Aitzakia aprobetxatuta egun osoa kalean…

Y- Eta ospitaletan material falta dela eta haien borondatez materiala produzitzen jarri den jende guztia?

Hau asmatutako eztabaida bat da, baina antzeko terminoetan ematen ari dena txoko askotan. Eztabaida soziologiko eta filosofiko zaharra. Pertsonok, berez, onak edo txarrak gara? Eskuzabalak edo egoistak? Sozialak edo indibidualistak? Eta, horren arabera, nola ikusten dugu botila, erdi hutsik edo erdi betea? Zer jendarte mota gara? Osatu dugu? Sortu dezakegu?

Halakoetan berreste alborapenak funtzionatzen du. Berreste alborapena norberaren sinesmenak edo hipotesiak berresten dituen informazioa bultzatu, bilatu, interpretatu eta gogoratzeko joera da, beste aukera posibleak gutxiago kontuan hartuta. Ondorioz oso zaila da inor konbentzitzea baten edo bestearen alde. Hala ere, beti dago tarteko bidea hartzea eta esatea mundu honetan denetatik dagoela, eskuzabalak eta egoistak, edo batzuetan eskuzabalak eta besteetan egoistak.

Baina horiek ez dira ikuspegi ezberdinak soilik. Esparru publikora salto egitean, politika egiteko modu ezberdinak konfiguratzen dituzte, beraz jendartea antolatzeko modu ezberdina garatzen dute. Denak gaiztoak, indibidualistak eta egoistak garela uste dutenak ez dira jendeaz fio eta, beraz, dena kontrolatu nahiko dute, egitura hierarkikoak sortuko dituzte, sektore pribatua lehenetsiko dute. Denak onak, eskuzabalak eta sozialak direla uste dutenek, ordea, komunitatean konfiantza izango dute, elkarlana bilatuko dute eta egitura horizontalak eta parte-hartzaileak sortuko dituzte, eremu publikoa sustatuko dute.

Orain krisi batean gaudela esaten digute. Baina egia esan, beste krisi batean gaude. Begirada pixkat altxatzea besterik ez dugu. Globalizazioaren fase honetan, krisiak bata bestearen atzean kateatzen ari zaizkigu, sistema bera kolokan jartzeraino.

2001ean AEBetako Dorre Bikien kontrako ekintzen aitzakipean, "terrorismoaren aurkako gerra" abiatu eta Ekialde Hurbil guztia hankaz gora jarri zuten. 2001ean Afganistan, 2003an Irak, beranduago Somalia, Libia, Yemen, Pakistan, Siria… Ekialde Hurbilean egindakoak ez ziren han geratu eta gure "etxeraino" iritsi ziren ondorioak eta beldurra hemen ere zabaldu zen. Atentatuak Madrilen, Parisen, Kopenhagen, Bruselan, Londresen, Nizan, Berlinen… Hari berdinari tiraka, 2015ean, Siriako gatazkatik etorritako etorkinen kopuru handi batek zalantzan jarri zuen Europan gizarte multikulturalak izatea posible ote den. Baita gure etxean bertan giza eskubideak errespetatzeko prest gauden ere. Tartean, 2008an, krisi finantzieroa guztion krisi bihurtu zuten, murrizketak eta zorpetzeak sozializatuz. Eta, azkenik, 2020an, koronabirusa, mundu osoko pandemia bihurtu da, mundu erdia etxean giltzapetuta duena eta feminismotik salatzen ari zena, zaintzen krisia, inoiz baino agerikoagoa utzi duena. Eta garai honen guztiaren zehar lerro gisa, krisi klimatikoa zena larritasun klimatiko bihurtu dugu.

Baina krisi bakoitzak badu bere izaera propioa eta horren arabera sortzen diren gatazka sozial-politikoak ere propioak dira, abagune horri lotutakoak. Krisiak gainditzen direnean, eman diren eztabaiden, gatazken eta indar harremanen arabera norabide batean edo kontrakoan jasoko dira emaitzak.

"Gutxiesten ditugun sektoreak zein garrantzitsuak diren agerian uzten du honek guztiak" 

Osasun krisi honen izaera propioa, osasuna eta osasungintza ulertzeko moduan du. Zentzu horretan, eta hasieran esandakoa hemen lotuz, herria, komunitatea, jendea, askoz aktiboagoa dabil beste krisi batzuetan baino. Jendartearen alde positiboena alde negatiboenari gailentzen ari zaio. Eta aktibitate hori zaintzak bere zentzu zabalenean ulertuta aplikatzen ari da.

Agintarien zain egon gabe edo erakundeetatik sortu diren hutsuneak betetzeko, ekimen asko jarri dira martxan etxealdiaren lehen astetik. Sanitarioak lehen lerroan, haien osasuna arriskuan jartzen eta lanorduak oparitzen ari dira. Haien jakintza sare digital eta fisikoen bidez ere eskaintzen ari dira. Jendea saretu da behar handia izan dezaketenen zaintzak bermatzeko. Enpresa handiak eta txikiak asko itxi dira norberaren osasunean pentsatuta, baina baita ardura kolektiboan ere. "Makerrak" auzolanean ari dira merkatu logikatik ematen ez diren erantzunak emanez eta ospitaletara beharrezkoak diren materialak bidaliz. Kulturaren mundua oso aktibo dabil haien produktuak zabaltzen eta elkarbanatzen, guztion etxealdia atseginagoa izan dadin. Antzera kirol mundutik proposamena eginez eta ereduak emanez etxeetan mugi gaitezen…

Honek guztiak oso agerian uzten du normalean gutxiesten diren eremuak eta sektoreak zein garrantzitsuak diren gure bizitzetan (osasuna, zaintzak, kultura, komunitatea…). Ez da kasualitatea. Krisi honen ezaugarri propio baten ondorioa da (osasun krisi bat), baina baita azken urteetan bizi izan ditugun beste krisi eta herri mugimenduetan, eta bereziki feminismoan, landu denaren ondorioa. Zaintzak erdigunera ekarri, komunitatea balioan jarri… Bat-batean guztiontzat garrantzia hartu duten eremuak eta sektoreak. Eta garrantzitsua dena baloratzen da eta baloratzen dena lehenesten eta defendatzen da. Kontrako ikuspegia dutenek, gaur, zailagoa dute haien ikuspegiaren araberako neurriak aplikatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago