Koronabirusa

Kutsatutako kasuen zenbatekoa leundu egin da Araban

Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 19:46

Koronabirusaren datuen bilakaera Araban, martxoaren 28ra arte. / ALEA

Kasu positiboek gora egiten jarraitzen badute ere, igoera hori ez da beste lurralde batzuetan ematen ari dena bezain handia.

Azken egunetan ikusten ari garen datuak kezkagarriak dira, baina joerak ikusita, nolabait, egonkortzen ari da kasu positibo berrien hazkundea, baita hildakoen kopurua ere. Gainera, Araban, beste lurralde batzuetako egoerarekin alderatuta, kutsatutakoen kopuruak ez du horrenbesteko igoerarik adierazten azken egunotan.

Goiz da oraindik ondoriorik ateratzeko, birusaren inkubazio epea hamabost egunekoa baita, beraz, konfinamenduaren emaitza errealak datorren astean nabaritzen hasiko direla aurreikusten da.

Estatu mailan, Madril eta Kataluniak izan dute hazkuntzarik nabariena orain arte, logikoa denez, lurralde jendetsuenak dira eta. Bi kasuetan Italian gaitzak izandako igoeraren gainetik kokatzen dira. Euskal Herrian aldiz, Bizkaia da momentu honetan kutsatutako kopurua altuena izaten ari den lurraldea. Araban, lehen egunetan kutsatutako kopuruak oso igoera altua adierazi arren, azken egunotan maila hori pixka bat leundu da.

Jakina da gaitzak ez dituela lurralde guztiak aldi berean kolpatu, eta lurralde arteko konparaketa egin ahal izateko, lurralde bakoitzean kutsatutako lehen 100 kasuak zenbatutako eguna hartzen da alderaketak egiteko abiapuntu bezala.

Datu hori positiboa bada ere, ezin ahaztu Araban, biztanle kopurua kontutan hartuta, kutsatutakoen tasa handienetarikoa dela proportzionalki. Biztanle kopuruari dagokionez lurraldi txikia izaki, proportzioan kutsatutako kasu asko pilatu ziren lehen egunetan. Hasierako eztanda horren ondoren, datuak pixka bat apaldu direla pentsa genezake.

Azken 24 orduetako datuak

Azken 24 orduetan zenbatutako 169 kasu positibo berriak kontutan hartuta, 1.779 dira guztira kutsatutako gaixoak gure lurraldean. Positibo guztietatik,  345 pertsona ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean; eta horietatik 37 daude ZIUn.  Hildakoak guztira 109 izan dira gaur arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago