Gasteizko Ediren osasun kooperatiban azken asteetako lan jarduerari eusten saiatzen ari dira, oztopoak oztopo. Lanketa psikologikoak bat-batean ez uzteko, modu telematikoan posible den kasuetan, babes psikologiko saioak skype bitartez eskaintzen ditu Enrique Saratxok. Hori eskura ez dutenei, berriz, telefonoz egiten die jarraipena; "dei motzak izaten dira, baina maiz, eta momentuz ondo erantzuten ari dira".
Buru osasuna zaintzea garrantzitsua da etxealdi egun hauetan, ezta?
Bai. Baina ez dezagun gutxietsi jendeak egokitzeko duen gaitasuna. Gizakia antzina-antzinatik ohituta dago ziurgabetasunera eta aldaketetara, eta krisi-egoeretan erreakzionatu behar izatera. Egungo jendartea segurtasun-sistema batez inguratu da, eta halako gauzak gertatzen direnean zalantzan jarri eta defentsa-gabeziaren sentsazioa sartzen zaigu, baina ikusten dugu jendeak erreakzionatzeko gaitasuna duela. Arazo emozionalak dituzten pertsonak ere hazi egiten dira halako egoeren aurrean; benetako mehatxu bat eta benetako arrisku bat datorrenean, behartu egiten gaitu interkonektatuta egotera, erreakzionatzera, eta errealitatearen premia horrek gure barne-gatazka emozionalak bazterrean uzten ditu, errealitatea inposatu egiten baita, errealitate sendoa baita, eta, ondorioz, lehenetsi egin behar izaten dugu. Eta sorpresak izaten dira salbuespenezko egoera hauetan; badago egoera normaletan lidergo ezaugarri jakin batzuk dituen jendea, eta orain nahasita dabilena; eta badaude bigarren maila batean egon direnak, protagonismorik ematen ez zaienak, eta halako egoeretan nabarmentzen direnak. Izaten dira ideiak dituztenak, sormena astintzen dutenak... eta interneten komunitate birtual zoragarri bat ikusten ari gara.
Zein da etxealdiaren nahaste emozional ohikoena?
Antsietatea da lehena, eta beldurra. Etapak ere izaten dira; denbora bat eman behar zaigu gertatzen ari dena asimilatzeko, eta kontuan hartu behar da ideiak hegazkinez doazela baina sentimenduak astiro; sentimenduak beste abiadura batean prozesatzen dira, eta egun batzuk behar ditugu egokitzeko, gertatzen ari dena asimilatzeko. Ez gara heroiak eta ez dugu zertan izan; beldurra ez dugu borrokatu behar, harekin bizitzen ikasi behar da. Beldurra gure etsaia dela pentsatzen hasten bagara, orduan okerrago jarriko gara. Beldurra egoerara moldatzeko erreakzio bat da, erreakzio normala da, egoera berri batean gaude. Arazoa beldurrari beldurra diogunean dator; izua pizten da orduan, eta zaurgarriago egiten gaitu. Informazio egokia badugu, babes-neurriak zeintzuk diren baldin badakigu, babes-errutina horiek hartzen baditugu, seguru egon gaitezke.
"Ez gara heroiak eta ez dugu zertan izan; beldurrarekin bizitzen ikasi behar da"
Egunerokoan errutina bat ezartzea, zeregin bat jartzea, beharrezkoa al da?
Bakoitzak bere funtzionamendu-eskema egin behar du, eta bere errutina eraiki behar du. Ez du denentzat balio formula batek; badago metodikoa den jendea, eta horiek errutina bat beharko dute, kontrol gehiago behar dutelako, baina beste batzuek ez. Beste batzuek, berriz, bat-batekotasuna, sormena, umorea… Pentsatu behar dugu egoera hauetan gugandik onena atera dezakegula. Ezin dira emozioen ikuspegitik gomendioak eman, denei berdin aplikatzen zaizkienak. Bakoitzak bere borroka-eredua bilatu behar du; batzuentzat zorrotzagoa, beste batzuentzat samurragoa.
Koronabirusaren inguruko informazio zurrunbiloa kaltegarria izan daiteke?
Ezinezkoa da informatuta ez egotea, baina batez ere balio digun informazioa behar dugu, denak ez digulako balio. Gure eskema informatiboa eraiki behar dugu, gure plana. Eta, gogoratu, ez gaude gerra batean; hozkailua beteta daukagu, gure etxea daukagu, hornidura daukagu, telebista dugu, konektatuta gaude.
Eta, aldiz, "gerra" simila etengabe entzuten da.
Alderaketa hori erabiltzen ari dira, eta ni ez nago ados. Gure gurasoek gerra bat bizi izan zuten, gure aurreko belaunaldiek hauek baino gauza okerragoak bizi izan zituzten, haiek badakite zer den hozkailua beteta ez edukitzea, haiek badakite zer den etxean bonba bat noiz eroriko den itxarotea.
Zein helduleku du babesgabe sentitzen den lagunak?
Talde kontzientzia eduki behar da, elkartasunaren garaia da, eta hain zuzen ere sare sozialek interkonektatuta egoteko aukera ematen digute. Izan gaitezen kontziente ontzi berean gaudela, eta bakoitza bere aldera korrika hasten bada hondoratu egiten dela. Antolatzen bagara, ekaitza pasatuko da, eta indartuta aterako gara, gauzak ikasita.
Nolako arrastoa utzi dezake itxialdi honek?
Argi dago ezer ez dela berriro berdina izango. Lehenik eta behin, honek konfort-gunea astintzen eta hausten digulako. Dena babestu eta seguru izatera ohituta gaude, segurtasun-sistemak eraikitzera, dena metatzera... eta horrelako gauzek ahulak garela esaten digute, zaurgarriak, eta hori lehenbailehen asimilatu behar dugu. Bat-batean Txinan gizon batek zerbait jan eta mundu osoan izan du eragina, tximeleta efektua; alegia, herrialde globala dela hau, eta hori errealitate ukaezina da. Halakoak alde batera utzi nahi ditugun arren, horrelako krisiak dira kokatu eta errealitatean jartzen gaituztenak. Mundu interdependentea gara, eta ezin dugu bakoitzak bere kontura gerra egin. Bizitzeko eta ulertzeko beste modu bat birpentsatu behar dugu, baita ekonomikoki ere; begi-bistakoa da beste krisi bat etorriko zaigula, baina honek ere behartuko gaitu ekonomia erlatibizatzera; ekonomiaren menpekoak gara, iparra galtzen ari gara, eta halako erronkak dira berriz ere bide onetik kokatzen gaituztenak. Guri tokatu zaigu, eta egin ahal izango dugu, batzuen eta besteen babesarekin, indartuta aterako gara, talde handiagoa, solidarioagoa.