Websail hau Ttap aldizkari digitalak ekoiztu du, baina Tokikomeko hedabideetan ere ikusi ahal izango da ostiraletan, eta hainbat ezaugarri berritzaile ditu. Nabarmenena, zalantzarik gabe, formatu bertikalean grabatuta egotea, mugikorretan ikustea errazte aldera. ALEAren webgunean ere bisiten gehiengoa mugikorretatik dator jadanik, eta hori dela eta, eduki berri hau ezin egokiagoa iruditu zaigu gure erabiltzaileontzat.
Formatu laburreko kapituluak dira, mugikorren edo pantalla txikian ikusteko pentsatutakoak. Gorabeherak websailaren gidoiak eta zuzendaritza lanak Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak egin ditu, eta Ramon pertsonaia ere berak gorpuztuko du atal guztietan. Harekin batera, Nerea Arriola donostiarra azalduko da pantailan, igogailura hurbilduko diren pertsonaia ezberdinak antzezten. Biek ere lan aparta egin dute, eta bereziki ikusgarria da Nereak atal batetik bestera jasaten duen itxuraldaketa, karakterizazio prozesu luze eta astunak pasatu ondoren. Gaur publikatutako lehen kapituluan Mikel Laboa izango da protagonista.
Websaila Tabakalerako 2deo laborategiaren eta Bertako Igogailuak enpresaren babesaz ekoitzi da. Laguntza horri esker, ekoizpena mimo handiz egin ahal izan da, eta emaitza ostiral honetan hasita ikusi ahalko duzue, hamabostean behin, ALEAren webgunean, eta primizian, astebete lehenago Ttap aldizkarian.
Ttap aldizkari digitala
Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan.