44 edukiontzi Garoñako erregaia jasotzeko

Erredakzioa 2020ko martxoaren 26a

Garoñako zentral nuklearraren biltegiaren maketa. Enresa

Edukiontziak zentralean bertan eraikitako biltegian sartuko dituzte.

Espainiako Ministroen kontseiluak baimena eman dio Enresa Hondakin Erradioaktiboen Enpresa Nazionalari Garoñako erregaia jasotzeko 44 edukiontzi egiteko. Zentralaren agortutako erregaia lehorrean biltegiratzeko edukiontziak dira, Garoñan bertan gordeko dituztenak. 40 milioi euro inguru bideratu dituzte.

Zentral nuklearretan, birkargen ondoren, erreaktoretik ateratako erregai agortua igerilekuetan biltegiratu ohi da. Zentrala eraistea erabakitzen denean, Garoñako kasuan bezala, operazioa ahalbidetzeko, gastatutako erregaia edukiontzietan sartu eta zentralean bertan eraikitako aldi baterako biltegi indibidualizatuetan (ATI) uzten da.

Azken hilabeteetan Enresa eta Nuclenor  lanean ari dira Arabatik kilometro gutxira dagoen zentrala ahalik eta azkarren eraisteko plangintza osatu eta horri ekiteko. Hasierako lanen artean, azpimarratzekoak dira igerilekutik erregai agortua atera eta lehorrean biltegiratzea; horretarako, dagozkion edukiontziak erosi behar dira, eta, beraz, baimen honekin, zentral hori eraisteko lehen urratsa eman dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago