Egun gutxi dira etxean sartuta egotera behartuta gaudenetik, baina jendeari galdetuko bagenio aspaldi bizi dugun egoera dela esango lukete herritar askok. Ez gaude ohituta etxean horrenbeste denbora ematen, eta zenbaitek edozein aitzakia baliatzen dute kalera irten eta "aire apur bat hartzeko".
Egungo gizarteak ez daki erritmo motelean bizitzen, ez dakigu gure orduak beste zeregin batzuetarako aprobetxatzen, eta etxean egon beharrak kaiolan dagoen txoriaren pare sentiarazten gaitu batzuetan. Erlojuaren orratzak motel mugitzen diren artean, gaixo kopuruak, tamalez, ziztu bizian jarraitzen du goranzko joera.
Isolamendua da mundu mailako pandemiari aurre egiteko neurririk eraginkorrena
Hori da, baina, gaur gaurkoz mundu mailako pandemiari muga jartzeko daukagun tresnarik eraginkorrena: isolamendua. Elkarren arteko harreman eza.
Batzuek neurriaren eraginkortasuna ulertu ezinik, ez diote konfinamendua betetzeko beharrari behar besteko garrantziarik emango. Beste batzuek aldiz, mugaraino eramango dute neurria eta leihotik kalean dabilen norbait ikusiz gero, oihu batean jakinaraziko diote etxean geratu behar duela. Baina, akaso, lanera derrigortuta joan-etorrian dabilen norbait izango da; ekonomia baita, oraingoz, koarentenan sartzeko erabakiari muzin egiten jarraitzen duena.
Noiz arte egokituko zaigu egoera hau bizitzea? Momentuz beste hamabost egunez luzatu da ezohiko neurrien indarraldia. Italian, esaterako, neurriak modu mailakatuan hartu izan dituzte, gero eta zorrotzago jarriz. Gaixo zein hildakoen zifrak ikusita, ekonomia ere beldurtu zaie azkenerako.
Txinako Wuhan hirian urtarrilaren 23tik izan direla etxean sartuta
Gaitzaren iturburu izan den Wuhan hirian, ordea, datorren apirilaren 8an kenduko dituzte isolamendu neurriak. Itxuraz, egoera kontrolpean izatea lortu dute eta eguneroko jardunera itzultzen hasiko dira pixkanaka. Guk dozena bat egun daramagu isolatuta eta batzuk dagoeneko jota aspertuta izan arren, ondo legoke gogoraraztea Txinan urtarrilaren 23tik izan direla etxean sartuta.
Isolamendu neurrien eraginkortasuna |
Gaitzaren hedapena saihesteko neurririk eraginkorrena isolamendu neurri gogorrak ezartzea da. Ezinezkoa da erabateko isolamendua lortzea, baina neurririk aplikatu ezean, kutsatzeko proportzioa esponentzialki hazten da. Neurriak ezarrita aldiz, isolamenduak emaitza oso nabarmena lortzen du. Kaliforniako Unibertsitateak simulazio matematiko bidez erakutsi du neurrien eraginkortasuna. |