ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek langileen osasuna "arriskuan" jartzen ari dela salatu du. Oinarrizko zerbitzuetan diharduten langileak neurri prebentiborik gabe ari direla diote; besteak beste, osasungintzan, zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzan, garbiketan, garraio publikoan, anbulantzietan edo supermerkatuetan.
Baina oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileen egoera ere gogoan izan dute, "lanera joatera behartuta" daudelako, sindikatuen arabera. "Interes ekonomikoak osasunaren gainetik" jarri dituztela eta langileen osasuna bermatuta ez dagoela salatu dute.
Gainera, enpresetan behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen hasi direla diote, "negoziaziorik gabe" milaka ERTE tramitatu dituzten bitartean.
"Aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten. Orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere langileok ordain dezagun nahi dute", adierazi du gehiengo sindikalak, eta langileak "haserre" daudela ohartarazi dute.
Osasuna, enplegua eta lan baldintzak
Lehen lerroan jarri nahi dituzte "osasuna, enplegua eta lan baldintzak", eta erakundeei zein patronalari neurri zehatzak eskatu dizkiete:
- Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezartzea.
- Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea.
- Enplegua bermatzea.
- Lan baldintzak bermatzea.
Langileei lan zentroetan mobilizatzeko deia luzatu die euskal gehiengo sindikalak, "toki bakoitzean dituzten aukera eta medioak erabiliz". Horretarako, geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak eta burrunbak proposatu dituzte ostiralean, martxoaren 27an, deitu duten Haserre Egunarekin bat egiteko.