Koronabirusa

Arabako egoitza pribatuetara zabaldu dira suhiltzaileen desinfekzio lanak

Erredakzioa 2020ko mar. 24a, 19:37

Arabako foru egoitza zein egoitza pribatuetan desinfekzio lanak abiatu dituzte egunotan. Gasteizko kasuan, desinfektatzeko eta garbitzeko errefortzu taldeak ere martxan daude.

Gaurtik aurrera, Arabako egoitza pribatuetara ere zabaldu dira Arabako Foru Suhiltzaileen desinfekzio lanak; foru etxeetan asteburuan egiten hasi ziren. Dagoeneko desinfektatu dituzte GOFEren egoitzetako sarbideak eta kanpoko aldeak, eta astelehenean hasi ziren zentroetako gune komunak garbitzen.

"Bertan bizi diren pertsonen kutsatzea saihesten saiatzea, eta zentroetako langileen artean birusa zabaltzeko arriskua gutxitzea" da desinfekzio lan hauen helburu bikoitza, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren hitzetan. "Lehentasuna pertsonen bizitza eta osasuna da, eta gure ahalegin eta baliabide guztiak bideratzen ari gara", azpimarratu du.

Desinfekzio lan hauek Gasteizen, Laudion, Amurrion, Agurainen, Oionen, Espejon, Gaubean eta Samaniegon egiten ari dira, besteak beste.

Gasteizen errefortzu taldeak

Desinfektatzeko eta garbitzeko errefortzu taldeak Gasteizen ere martxan daudela azaldu du Udalak, hiriburuko puntu zehatzetan.

Asteartean, gizarteratzeko ostatuak (CMAS, Aterpe, Arkupeak eta Pio Baroja ikastetxeko kiroldegia) garbitzeaz gain, egoitzetan ere aritu dira: San Prudentzio, San Martingo Sanitas, Lorea Txagorritxu, El Pilar, Zadorra, Lovi, Caser, Domusvi Ariznabarra, Albertia eta Samaniego.

Garbitzaile talde hauek osasun zentroetarako sarbideetan, dendetan, botiketan, barandetan eta edukiontzietan egiten ari diren garbiketa lanak azpimarratu ditu Gasteizko Udalak.

Asteartean agerraldia eskaini du Ramiro Gonzalezek. / AFA

 

Kasu positiboak eguneko zentroetara

Azken orduetan bi kasu berri antzeman dira Zadorra egoitzan, eta guztira bost positibo daude bertan. Aldundiaren egoitzen sareko 21 erabiltzaile daude kutsatuta; horietako bost ospitalean daude, eta gainerakoak zentroetan bertan artatzen ari dira.

Bitartean, GOFEko adinekoen egoitzetan atzemandako kasu positiboak eguneko zentroetara eramaten hasi da Foru Aldundia.

Ramiro Gonzalezek iragarri du positibo eman duten edo zaintzapean dauden foru zentroetako adineko pertsonak biltzen dituen lehen eguneko zentroa martxan dagoela. Lehen zentro hori Zadorra izango da, baina beharren arabera gehiago jarriko dira martxan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago