Guztira 344 lagun ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean; horietatik, 311 daude solairuetan eta 33 ZIUn. Azken 24 orduetan hiru pertsona gehiago hil dira, eta dagoeneko 73 arabar dira koronabirusarekin hildakoak.
Arabako kutsatze tasa gora doa: 1.000 biztanleko 3,33 kasu daude dagoeneko, eta egoerak okerrera egingo du oraindik; hala ere, astearte honetako datuetan, astelehenean baino hogei positibo berri gutxiago egon dira.
Bitartean, datu baikorragoei erreparatuz, 26 alta gehiago ere egon dira azken orduetan, Osakidetzak eguneratutako datuen arabera.
Kanpo kontsulten eraikina
Arabako Unibertsitate Ospitaleak kanpo kontsulten eraikina gaituko du koronabirusa duten pazienteei arreta emateko, eta bertako bost solairu prestatzen ari da, Covid-19a duten gaixo gehiago hartzeko.
Nekane Murga sailburuak baieztatu du gutxienez 54 ohe prest daudela laugarren solairuan. Aipatutako beste lau solairuak prestatzen ari dira oraindik, aurrerago, beharren arabera erabili ahal izateko.
Hamar solairu dituen Txagorritxuko kanpo kontsulten eraikina 2013an inauguratu zen.
Jarraian duzuen bideoan (whatsapp bidez jasota) berrantolatze lan horien une bat jasotzen da:
ZIUa atzean uztea
Koronabirusagatik larri dauden gaixoen hobekuntzaren seinale nagusia ZIUtik ateratzea da, eta astearte honetan, osasun langileentzako albiste on bat iritsi da: ZIUtik atera da koronabirusak kutsatutako Txagorritxuko zeladore bat.
Loli martxoaren 7an ospitaleratu zuten, larri, eta gaur txaloen artean jaso dute lankideek. Gaixotasunetik osatzen ari da, eta dagoeneko desentubatu egin dute. Sare sozialetan zabaldu den bideoa jaso dugu ALEAn:
Poliziaren esku-hartzeak
Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren datuen arabera, alarma egoeran ezarritako neurriak betetzen direla bermatzeko esku hartze ugari egon ziren Araban astelehenean, martxoaren 23an; hala ere, atzo ez zen atxiloturik egon:
- Ertzaintzak identifikatutako pertsonak: 118.
- Ertzaintzak atxilotutako pertsonak: 0.
- Ertzaintzak jarritako salaketak: 19.
- Ertzaintzak atzemandako ibilgailuak: 189.
- Udaltzaingoak identifikatutako pertsonak: 337.
- Udaltzaingoak atxilotutako pertsonak: 0.
- Udaltzaingoak jarritako salaketak: 57.
- Udaltzaingoak atzemandako ibilgailuak: 525.
Dena den, konfinamenduaren lehenengo astean, orotara, 758 isun eta 4 atxilotu izan dira Araban. Konfinamendua ez betetzeagatik ezarri daitekeen gutxieneko isuna 300 eurokoa da.
Arabako positiboak herriz herri
Koronabirusak eragindako osasun krisia Arabako hainbat udalerritan hedatu da, eta kasu positiboen azken datuak jaso ditugu, herriz herri:
- Gasteiz: 900.
- Bastida: 21.
- Laudio: 17.
- Amurrio: 9.
- Iruña Oka: 9.
- Aiara: 6.
- Agurain: 6.
- Dulantzi: 5.
- Legutio: 5.
- Oion: 5.
- Samaniego: 5.
- Zuia: 5.
- Barrundia: 3.
- Donemiliaga: 3.
- Kanpezu: 3.
- Urkabustaiz: 3.
- Zigoitia: 3.
- Arratzua-Ubarrundia: 2.
- Artziniega: 2.
- Bernedo: 2.
- Burgu: 2.
- rraia-Maeztu: 1.
- Aramaio: 1.
- Asparrena: 1.
- Berantevilla: 1.
- Erriberabeitia: 1.
- Guardia: 1.
- Mañueta: 1.