Guztira 328 lagun ingresatuta daude Arabako Unibertsitate Ospitalean; horietatik, 295 daude solairuetan eta 33 ZIUn. Azken 24 orduetan hamar pertsona gehiago hil dira, eta dagoeneko 70 arabar dira koronabirusarekin hildakoak.
Bitartean, datu baikorragoei erreparatuz, 56 alta gehiago ere egon dira azken orduetan, Osakidetzak eguneratutako datuen arabera.
Adinekoen egoitzak
Bi aste daramatza berrogeialdian San Martingo adinekoen egoitzak, eta bertako ia berrogeita hamar lagun daude kutsatuta, egoiliar eta langileen artean. Dagoeneko hamaika pertsona hil dira egoitza honetan sortutako fokuaren eraginez.
Arabako Foru Aldundiaren egoitzetara ere zabaldu da Covid-19aren eragina. Asteburuan, Aldundiak azaldu du Samaniegoko egoitzan zazpi kasu positibo gehiago antzeman dituztela. 40 pertsona bizi dira zentro honetan.
Hortaz, egoitzetako foru sarean kutsatutako hemeretzi pertsona daude jada. Horietatik bost daude ospitalean, eta beste hamalau Aldundiaren zentroetan artatu dituzte.
Osasun larrialdiaren eragina beste egoitza batzuetara ere iritsi da: ostiralera arteko datuen arabera, Zadorran (Abetxuku), Ajurian (San Martin) eta zeharkako kudeaketa duen Ariznabarra egoitza-zentroetan ere kasuak antzeman dira. Horrez gain, adimen ezintasuna duten pertsonentzako Easo eta Martin Saracibar etxetan ere ospitaleratutako pertsonen kasuak eman dira.
Aldundiak erabiltzen ez diren eguneko zentroak gaitu ditu, positibo eman dezaketen edo arnas sintoma akutuak dituzten foru egoitzetako adineko pertsonei arreta esklusiboa emateko. Halaber, osasun eta prebentzio neurriak zorrozten jarraitzen dutela azaldu dute.
Arabako datuak herriz herri
Koronabirusak eragindako osasun krisia Arabako hainbat udalerritan hedatu da, eta kasu positiboen azken datuak jaso ditugu, herriz herri:
- Gasteiz: 815.
- Bastida: 21.
- Laudio: 15.
- Amurrio: 8.
- Iruña Oka: 8.
- Agurain: 6.
- Dulantzi: 5.
- Legutio: 5.
- Oion: 5.
- Samaniego: 5.
- Zuia: 4.
- Barrundia: 3.
- Urkabustaiz: 3.
- Zigoitia: 3.
- Artziniega: 2.
- Bernedo: 2.
- Kanpezu: 2.
- Aramaio: 1.
- Burgu: 1.
- Guardia: 1.